Ezkaba mendiko tontorreko San Kristobal gotorlekuaren jabea Espainiako Defentsa Ministerioa da, eta hark baimendu zituen garbiketa eta sastraka kentze lanak. Vianako Printzea fundazioaren oniritzia izan zuen, eta Berriobeitiko Udalak ere obrak onartu zituen. 2008 eta 2009 urteetan egin ziren lanak, eta gotorlekuko hiru harresi bota zituzten. Iñaki Alforja Oroimenaren Autobusa ekimeneko kidearen arabera, harresi horiek gotorlekua presondegi izan zela erakusteko ezinbestekoak ziren; obrek desitxuratu egin zuten guztiz eraikina.
Ezkaba mendiko San Kristobal edo Alfontso XII gotorlekua 1878. urtean eraikitzen hasi ziren.Helburua Iruñea defendatzeko gotorleku militarra izatea zen. Aldiz, ez zen inoiz defentsa eraikin moduan erabili, Alforjak gogora ekarri duenez. 1920. hamarkadan bukatu zuten eraikina, eta 1931n duela bi urte botatako harresiak eraiki zituzten. «Harresi horiek gotorgunea presondegi bihurtzeko eraiki zituzten». 1934an lehenengo presoak eraman zituzten San Kristobaleko kartzelara; matxinadetan parte hartu zuten langileak eraman zituzten bertara. 1936ko gerra hasi ostean presondegiko arorik «gogorrena eta ilunena» hasi zela nabarmendu du Jose Raul Urtasunek. «Harresi hauetan egin ziren heriotzak ezkutatu nahi dituzte eraikinak eraitsita».
Presoen patioa mugatzen zituen bi harresi, eta mintzatokia ixten zuen harresiak bota zituzten Espainiako Defentsa Ministerioak baimendutako obrak egin ondoren. «Harresi horiek gabe ez da ulertzen presoen bizi maila oso txarra izan zela», azaldu du Iñaki Alforjak. Izan ere, patio txiki bat izan beharrean eremu «ireki eta zabala» geratu da orain bistan. Botatako harresiek, gainera, 1938ko maiatzaren 22an presoek egindako ihesaldian garrantzi handia izan zutela gogora ekarri du Alforjak. «Sukaldea eta mintzatokiak oinarrizkoak izan ziren ihesaldia prestatzeko eta egiteko». Harresi hauek gabe gotorlekua «baino ez zela» izan erakutsi nahi dela adierazi du Alforjak.
Txostena egiteko 80 historialari, arkeologo eta ikertzaileren laguntza izan du Oroimenaren Autobusak. Nazioarte mailan auziaren inguruko «eztabaida» hedatu dela adierazi du Edurne Beaumont ekimeneko kideak. «Presondegi izan diren tokiekin zer egin? Herrialde askotan jada museoak egin dituzte, eta bertan gertatutakoa azaltzen dute». Horixe bera da Oroimenaren Autobusak Ezkaban egin nahi duena. «Diktaduren eta gerraren aurkako zentro bihurtu behar dugu gotorlekua». Alemanian, Argentinan eta Hegoafrikan horrelako «oroimenaren museoak» usu egin dituztela azaldu du Beaumontek.
Espainiako Gobernuak «urte luze hauetan» oroimen historikoaren inguruan izandako isiltasuna kritikatu du Beaumontek. «Traba asko aurkitzen ditugu oroimenaren aldeko ekimenak egiteko. Argi dago presondegian gertatutakoa ahanztea nahi dutela». Oroimenaren Autobusarekin bat egin duten elkarte, historialari, arkeologo eta ikertzaile guztiek diote «onartezina» dela gobernuak eraman duen politika, Beaumonteren arabera.
Espainiako Defentsa Ministerioaren eta Vianako Printzea fundazioaren aurkako helegitean harresiak berreraikitzeko eskatzen dute. «Nafarroako Ondarearen Foru Legeak ondarea bere baitan kontserbatu behar dela dio; geroago erantsitako elementuak barne», dio Urtasunek.
«Legez kanpoko» eraisketak
Presondegian egindako eraisketak «legez kanpokotzat» jotzea nahi dute ekimeneko kideek. «Defentsa Ministerioak baimenak eskatu zituen, eta Vianako Printzeak onartu zituen. Berriobeitiko Udalak ez zuen ezer esan. Eta obrak egin ziren», azaldu du Urtasunek. Eraisketak egiteko kontratatutako enpresak tekniko espezializaturik ez izatea ere «irregularra» zela jakinarazi dute.
Gotorlekua kartzela izan zela agerian uzteko, botatako harresiak berreraikitzeaz gain, San Kristobaleko presondegia kontserbatzeko plan osoa egiteko eskatu dut Oroimenaren Autobusa ekimeneko ordezkariek. «Oroimenaren lekua izatea nahi dugu. Bertan, gotorlekuaren historia eta erabilera azaltzea nahi dugu», azaldu du Edurne Beaumontek. Zentro hori «oinarrizko eskubideak hedatzeko» tresna izatea nahi dutela nabarmendu du. «Bertan preso egondakoen ideologia politiko guztiak egongo lirateke ordezkatuta, eta ihesaldiaren gertakizuna modu berezian gogoratuko litzateke». San Kristobaleko gotorlekua 1947.urtera arte presondegia izan zen, eta 2.500 pertsona inguru eduki zituzten bertan preso.
(Berria. 2011 / 03 / 10)