Memoria historikoaren aurka izandako erasoak salatu dituzte Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Familien Elkarteak eta Txinparta elkarteak. Koldo Pla Txinparta elkarteko kideak nabarmendu duenez, «Aitzoaingo eta Artikako hilerrietan eta Ezkaban egindako erasoak ez ezik, maiatzetik aurrera eraso gehiago izan dira; Berriobeitiko hilerrian izandakoak, besteak beste».
Ezkaba mendiko monolitoan egindako erasoak salatu zituzten atzo elkarteek, Nafarroako Foruzaingoan. San Cristobal gotorlekuan presoen omenezko monolitoan Arriba España, Cristo Rey eta uztarria eta gezien irudiaren pintaketak agertu ziren. Datu berri bat aurkeztu zuten. Kolaboratzaile baten erantzungailuan honako mezua utzi zuten: «Oroitarriak bisitatzera joan zaitez, zein politak geratu diren ikusteko». Erasotzaileek talde bat osatzen dutela, eta erasoak aurretik pentsatuak zituztela azaldu du Plak.
Talde politiko gehienen gaitzespenak ontzat hartu ditu Plak, eta «ikerketa serio bat egitea» espero dute.
Roberto Rocafort fusilatu baten semeak Elizaren eta Falangearen isiltasuna salatu du.
(Berria. 09 / 08 / 29)