Uruguaiko Senatuan, 1986an, giroa oso nahasia zegoen; armadaren boterea sumatzen zen oraindik, eta erlojuz kontra eztabaidatzen aritu ziren Iraungitze Legea, militarrak epaitegietara joateko epea amaitu baino ordu batzuk lehenago. Legearen egileetako batek, Gonzalo Aguirre senatariak, horrela azaldu zuen egoera: «Nire esku daukadan informazioaren arabera, egoera ez da militarrek zitazioa poltsikoan dutela. Ez da hori, baizik eta ez dutela zitazioa jaso. Errealitatea da bost zitazioak armadako komandanteburuaren kutxa gotorrean daudela gordeta». Estatu kolpea amaitu zela urtebete besterik ez zen igaro, eta «justizia edo inpunitate kontua» zen legea onartzearen kontra zeudenentzat. Aguirrerentzat, ordea, «inpunitatea edo inpunitatea» zen, «edo hobeki esanda, zigorrik eza edo zigorrik eza».
1973 eta 1985 arteko diktaduran gizateriaren kontrako krimenak egin zituztenak barkatzeko legea, gaur, oraindik ere, indarrean dago, eta sinadura bilketari esker erreferenduma egitea lortu ondoren, urrian 25eko galdeketarako kanpaina abiatu du Iraungitze Legearen Baliogabetasunaren aldeko Plataformak. Uruguaiko idazle, musikari, intelektual eta pertsona ezagunek osatzen dute plataforma, eta giza eskubideen alde lan egiten duten herritarrek. 240 eta 250 pertsona desagerrarazi zituzten diktaduran, haur kopuru zehaztugabeari nortasuna lapurtu, eta plataformaren arabera, 50 bat militar errudun lasai asko bizi dira. Biztanle kopurua kontuan hartuta preso politiko gehien izan dituen diktadura izan da Uruguaikoa, eta biktima guztien memoria berreskuratzeko garaia heldu dela iritzi dio plataformak.
Iraungitze Legea onartzea, hau da, krimenak barkatzeko legeari baiezkoa emateko arrazoi nagusia militarrek berriz ere instituzioak bereganatzeari beldurra izan zen. 1986ko Senatuko eztabaida hartan irabazle atera zen ideia, politikariek militarrei zioten beldurragatik. Eta legeak aurrera egin zuen. Iraungitze Legeak giza eskubideak urratu zituztenen zigorra saihesteaz gainera, gertatutakoak ez jakiteaz eta ikertzeaz arduratu da ia 25 urtean. Ez dute zigorrik jaso estatu kolpea eman, eta torturatu, bahitu eta hil zuten militarrek.
1989 urtea. Erreferenduma Uruguain. Herritarren %25en sinadurei esker Iraungitze Legea indargabetzeari buruzko galdeketa egitea lortu zuten, baina alferrik. Ezezkoak irabazi zuen botoen %57arekin. Legea bertan behera uzteko ekimena, hala ere, aldekoena baino isilagoa izan zen; alderdi politikoetako egoitzen kontrako atentatuek eta instituzioak indargabetuko zituztela mehatxu egiteak zipriztindu zuen kanpaina, eta telebista kateek ez zuten Erreferendumaren aldeko Batzorde Nazionalaren mezua jaso. Hala ere, %43 ez da kopuru txikia horrelako egoeratan egin zen erreferenduma kontuan ez hartzeko.
Gainera, erreferendum hartan, herritarrek ez zuten legearen aldeko edo kontrako botoa eman. Erreferendumaren baldintzak kontuan hartuta, egonkortasun demokratikoa iraunarazteko legea bertan behera uztea komenigarria zen ala ez bozkatu zuten herritarrek. Giza eskubideen talde eta herritar askori eragin zien erreferendumaren emaitzak, eta immobilizatu egin zituen.
Legearen abantailatuak
Legeak kanpoan uzten ditu zibilek eta arduradun militarren epaiketak, baina praktikan barkamenaren legea denei berdin aplikatu zitzaien. Teorian, Botere Betearazleak aztertu behar ditu militarren akusazioak, eta ondoren erabaki behar du Iraungitze Legeak bere barnean hartzen duen edo ez. Hartzen badu, epaileak kasua artxibatu behar du ikerketa gehiagorik gabe. 2004 urtera arte Betearazleari egin zitzaizkion kontsulta guztiak Legearen barruan sartu ziren, baita militarren buruzagienak ere.
Joan den legealdian, hala ere, 2000 urtean, batzorde bat osatu zuten, desagertuen eta bahitu zituzten umeen kasuak ikertzeko. Aurrerapauso politikoak eman ziren. Tabare Vazquez presidentearen egungo gobernuak, berriz, diktaduraz gero boterean dagoen ezkerreko lehen alderdiak, ez du legea baliatu, kasu guztiak justizia zibilaren bidez argitu behar direla uste baitu. Hortik abiatuta epaiketa batzuk egin dituzte. Juan Maria Bordaberry diktadorea preso dago hamar pertsonaren hilketen arduragatik; Zelmar Michelini eta Hector Gutierrez Ruiz abokatuak hil zituzten militarrak ere bai, eta baita horren ezagunak ez diren beste hainbat kasutako hiltzaileak ere.
Gobernuak militarren kuarteletan indusketa lanak egiteko baimena ere eman zuen, eta bi gorpuren hondarrak aurkitu izanak eragin handia izan zuen herritarrengan, legearen arduragabekeriari buruzko eztabaida pizteraino. Ordenamendu juridikoaren arabera, Legea egin aurretiko kasu guztiak ezin dira berriz ireki. Gertatu zena ikertzeko eta kasuak berriz irekitzeko modu bakarra legea bera bertan behera uztea da.
2007ko irailaren 4an hasi ziren legea bertan behera uzteko erreferendumerako sinadurak biltzen, eta iazko apirilean amaitu zen, 340.000 sinadura Parlamentuan aurkeztearekin. Urriko erreferendumerako kanpainan azken txanpa dute orain.
Konstituzioaren erreformak %51 behar du gutxienez, eta oztopo pare bati egin beharko diote aurre. Batetik, erreferenduma presidentetzarako hauteskundeekin batera egiteak ez du laguntzen, zaila izango delako protagonismoa hartzea, bozetarako kanpainako beste gaien artean. Bestetik, erreferenduma onartzeko %51 behar da, baina baiezkoen botoa eskatuko du soilik erreferendumak. Ez dago ezetzaren botorik, paperik. Baiezkoa ez ematea ezezkotzat joko dute. Erreferendumaren berri ez duenak ezetzaren alde egingo du nahi gabe. Horregatik kanpaina oso garrantzitsua izango da.
(Berria. 09 / 08 / 08)