martes, agosto 25, 2009

PINTAKETAK EGIN ETA OROITARRIAK APURTU DITUZTE IRUÑERRIAN

Falangeren izenean hainbat eraso egin dituzte asteburu honetan Iruñerrian. Herenegun goizaldean, Ezpala, Zurgai eta Ipar Gorri tabernetan Falangeak sinatutako mezu eta mehatxuak agertu ziren idatzita, eta larunbatean, berriz, apurtuta agertu ziren Ezkaba mendian 36ko gerran Francoren aurka aritutako lagunen omenez eraikitako mausoleoa eta Aitzoaingo hilerrian errepresio frankista jasandako lagunen omenez jarritako oroitarria.

Ezkaba mendian eta Aitzoaingo hilerrian eginiko erasoak gaitzetsi dituzte Nafarroako erakundeetan ordezkaritza duten alderdi guztiek. Hiru ostatuen aurkako erasoak, berriz, Nafarroa Baik eta AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak soilik. Nafarroako Gobernuko eledun Alberto Catalanek ez du argitu Gobernuak ikerketarik abiatuko duen edo ez. «Salaketak jartzerakoan» Estatuko segurtasun indarrek «ekintza horiek egin dituzten pertsona edo taldeak» bilatuko dituztela azaldu du. Ordura arte ez dela polizien lanean «eskua sartu» behar nabarmendu du. Falangeren izenean aritzen diren bi alderdiek -Falange Española de las JONS eta Falange Autentica- ez dute erasoen inguruan azalpenik eman.

PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek «demokraziaren baloreak errespetatzen ez dituztenen jarrera irrazionala» salatu du. NaBaiko parlamentari Maria Luisa Mangadok alderdi politiko guztiei eskatu die «indarkeria mota hau» salatzeko. NEBeko eledun Pedro Esparzak, berriz, eraso horien egileak atxilotu eta auzipetzeko eskatu du.

Erasoak asteburuan gertatu ziren, eta baliteke halako gehiago egotea. Lekuko baten arabera, frankismoko esklaboen omenez Igarin dagoen monolitoaren arrastoak agertu dira Aitzoaingo hilerrian. Halaber, Ezkabako errepidean hainbat pintaketa egin dituzte Espainiako bandera eta sinbologia falangistarekin. 21 urtean hirugarren aldia da eskulturari eraso egiten diotela.

Ezpala, Zurgai eta Ipar Gorri tabernetan Falangeren sinboloekin batera honako mezuak idatzi dituzte: Legiak zerratzen ezpaitu falangeak eginen du, Falange os vigila, Viva Cristo Rey eta Falange anuncia próximo cierre. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Zurgai eta Ezpala Iruñeko tabernak ixteko eskaera egin zuen, tabernetan zituzten euskal presoen argazkiak kentzeari uko egin ziotela argudiatuz. Eloy Velasco epaileak tabernak ez ixteko erabakia hartu zuen, baina tabernetako jabeei eta bi zerbitzariei «terrorismoa goratzea» egotzi die. AAMk nabarmendu duenez, Zurgai eta Ezpala tabernak «faxismoaren jomugan jarri dituzte komunikabide, epaile eta poliziek». Halaber, Iruñeko Udalaren jarrera salatu du, «beste kasu batzuetan ez bezala oraingoan margoketa hauek ezabatzeari uko egin diolako». Zurgai kultur elkarteak «kriminalizazio kanpainaren» testuinguruan kokatu du ostatuak jasandako «eraso faxista».

«Konplizitatea»

AAMk ohartarazi duenez, antzeko eraso gehiago eta «larriagoak» izan daitezke aurrerantzean. «Mota honetako erasoetan elementu faxisten eta Poliziaren arteko konplizitatea» dagoela salatu du.

Sinadura eta molde horretako erasoak ugariak izan dira azken urtean Nafarroan, baita Euskal Herri osoan ere. Besteak beste, Arkaitz Goikoetxea presoaren gurasoen etxea erretzen saiatu eta haren anaiaren aurkako mehatxuak agertu ziren idatzita. Halaber, jaietako txupineraren argazkia eta bala bat zeraman gutun bat jaso zuten Bilboko Udalean. Aritxulegi mendian (Gipuzkoa), berriz, ANVko ekintzaileen aldeko oroitarria kalibre handiko balez josia agertu zen ekainean.

(Berria. 09 / 08 / 25)