viernes, agosto 14, 2009

BIZI GUZTIKO KARTZELA ZIGORRA JARRI DIOTE ARGENTINAKO RIVEROS JENERALARI

Argentinako diktaduran (1976-1983) Floreal Avellaneda Negrito gaztea hiltzeagatik bizi guztiko kartzela zigorra jarri diote Santiago Omar Riveros jeneral erretiratuari. Beste bost militar ere kondenatu dituzte epaiketa berean, eta 8 eta 25 urte arteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete. Buenos Airesko Campo de Mayo kontzentrazio esparru klandestinoan gertatutakoengatik eginiko lehen epaiketa izan da, baina beste 40 bat egingo dituzte, 500 biktimaren kasuetan nahastutakoak epaitzeko.
Floreal Avellaneda 14 urteko gaztea hil zutenean, 1976an, Campo de Mayoko arduraduna zen Riveros. Gau batean haren etxera sartu ziren, Floreal Avellaneda aitaren bila, baina alde egitea lortu zuen, eta, haren ordez, haren emazte Iris Pereyra eta Floreal Avellaneda semea eraman zituzten. «Gaizkileak bagina bezala sartu ziren gure etxera, balaz josi zuten etxea, eta senarrak alde egiteagatik, errepresalia gisa, gu harrapatu gintuzten». Pereyra, semea ez bezala, diktaduratik onik atera zen. Bera izan da epaiketako lekuko garrantzitsuetako bat, senarrarekin batera. 120 lekukok hitz egin dute epaiketan.
«Akusatu guztiek plana aurrera eramateko ekarpenak egin zituzten, eta egia azaltzeko frogak ezkutatu dituzte». Hori esan dute sententzian Lucila Larrandart, Marta Milloc eta Hector Sagretti epaileek. Riverosek, dena den, «errugabea» dela esan du. «Demokratatzat daukat neure burua. Ez naiz nazi bat, ezta diktadore bat ere». Baina, militarra izan den aldetik, epaitegi militar batean epaitzea exijitu du. Gizateriaren kontrako krimenak zer esan nahi duen ez duela ulertzen ere esan du, «kontzeptu kanpotarra» delako. Diktaduran parte hartu zuela aitortu du, hala ere, baina «lantegietan inteligentzia egiten». Tensa lantegian ibili zen beste leku batzuen artean, Avellaneda aitak lan egin zuen lekuan. Hango abokatu zen orduan Avellaneda, eta PC alderdiko militantea zen.
Ezequiel Verplaetsen Campo de Mayoko militarren taldeko informazio zerbitzuko arduradunari 25 urteko espetxe zigorra jarri diote; Osvaldo Garcia Infanteria eskolako zuzendari izandakoari, 18 urtekoa; Cesar Fragni eta Raul Harsich ofizial erretiratuei, 8 urtekoa, eta Alberto Aneto polizia ohiari, 14koa. Anetok ez beste guztiek deklaratzeari uko egin diote prozesu osoan. Errugabeak direla esateko soilik hitz egin dute, azken saioan.
Atxiloketa
Iris Pereyra eta haren semea militar jantzitako kaputxadunek atera zituzten etxetik, begiak estali, burua zakuan sartu eta eraman zituzten Campo de Mayora. «Negritori gerran bezala eman zioten, eta, nahiz eta musika erabat goratuta eduki, entzuten nituen beraren oihuak, eta berak seguru nireak». Akusatu guztiak identifikatu zituen Pereyrak. 1976tik 1978ra egon zen preso, eta semea, berriz, atxilotu eta hilabetera agertu zen hilda, 15 urte egin berritan, Uruguaiko Mar de la Platako kostaldean. Kolpe gogorrak hartutakoa zela esan zuten autopsia egin ziotenean.
1985ean deliberatu zuen epaile batek Floreal Avellaneda Riverosek hil zuela eta inplikazioa argia zela, baina Riveros eta beste inputatuei Carlos Menem presidente ohiak 1989an indultua eman zien, Barkamenaren Legearen bidez. Diktadurako 1.000 kide ingururi egin zien mesede lege hark. Lege hori indargabetzea «justifikaezina da», Riverosek epaiketan esan duenez.
Avellanedaren hilketaz gain, delitu gehiago ditu bizkar gainean. Ez zen izan Campo de Mayoko komandante zela 1975 eta 1978 artean egin zuen hilketa bakarra. Krimen gehiago egiteaz gain, han jaiotako haurrak bahitu zituen. Eta handik kanpo, Condor Planaren antolatzaileetako bat izan zen, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezarria dio Italiako epaitegi batek, italiar jatorriko zortzi argentinar desagerrarazteagatik.
(Berria. 09 / 08 / 14)