viernes, marzo 28, 2008

"MEMORIAREN PARKEA" INAUGURATZEKO EGUNA "HERRI OMENALDIA" IZANGO DA SARTAGUDAN


«Historia ofizialak kanpoan utzitakoei herri omenaldia». Horixe egin nahi du duela sei urte abiatu zen Sartagudako (Nafarroa) Memoriaren Parkearen proiektuak; heldu den Maiatzaren 10ean inauguratuko dute, «garaipen eta duintasun zaporearekin». 1936ko gerran eta frankismoan fusilatutakoak omentzea du xede ekimenak. Eta euren senideak izan dira, hain justu, bultzatzaileak. Atzo eman zuten inaugurazio dataren berri.

Nestor Basterretxea, Jose Ulibarrena eta Jose Ramon Anda artisten eskultura bana eta Montxo Armendariz, Pablo Antoñana, Bernardo Atxaga, Castillo Suarez, Jokin Muñoz eta Jose Maria Jimeno Jurioren testuak irakur daitezke parkean. Guztira, 6.000 metro koadroko eremua hartzen du, eta horma-irudi batek Nafarroan fusilatutako 3.278 izen biltzen ditu, ordena alfabetikoari jarraikiz eta herrika sailkatuta. Fusilatuez gainera, erasoak jasan zituzten, ostuta lurrak galdu zituzten eta irainak jasan zituzten milaka herritarrak oroitzen ditu eraikinak.

Parkearen kokagunea ez da edonola aukeratua izan, gainera. Alargunen herria esaten dioten horretan eraiki dute, Sartagudan, 1936ko gerrako errepresioak gogor jo zuelako; izan ere, biztanleen %8 hil zituzten. «Ezberdin pentsatzeagatik, inolako justifikaziorik gabe». Alargunen herria izan beharrean, oroimenaren eta itxaropenaren herri gisa ezagutzea nahi dute senideek, nahiz eta Nafarroako Gobernuaren partetik eragozpenak izan. Nafarroako Fusilatuen Elkarteko presidente Mirentxu Agirrek azaldu du «edozein menditan desagertutako senide bati loreak eramateko espazioa» dela Memoriaren Parkea. Espainian parekorik ez dela esan dute. «Mugarri bat da».

Fusilatuen senide guztiak «errekonozituak» sentitzen diren parkeko inaugurazioa «jendetsua» izatea espero dute. «Festa erraldoia, non azken 70 urteetan metatutako sufrimendua eta oinazea besarkada kolektiboan aterako den». Izan ere, Agirreren ustez, «balio demokratikoak sendo» dauden une batean bizi gara, «zorionez», eta, horregatik, «beharrezkoa» da urte hauetan guztietan «hainbeste min eragin duten zauriak ixtea».

«Urteetan isiltasuna eta jazarpen begiradak nagusitu ondoren, benetan sinestezina da guretzat parke honek adierazten duena adieraztea». Julio Sesma Alargunen Herriaren Elkarteko kide eta fusilatu baten semeak ekimen txalogarritzat jo du orain burutzera doana. «Hemendik aurrera Nafarroako demokraziak askatasun handiagoa du, oroimen demokratikoa libreagoa baita», gehitu du, gazte guztiek memoriaren lekukoa jarraitzeko gogoa agertuz.

EGITARAUA

Inaugurazioa 12:30ean hasiko da, ekimena sustatu duten bi elkarteko kideen hitzekin. Alegia, "Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen" eta Sartagudako "Alargunen Herria"ren elkarteetako kideak mintzatuko dira. Roldan Jimenok ere bere aita Jose Maria Jimeno Jurioren omenez hitz batzuk eskainiko ditu. Herri bazkaria eginen dute ondoren, 1.000 pertsona ingururendako (CANen har daitezke txartelak, apirilaren 16a arte). 17:00etan, zenbait artistak ikuskizuna eginen dute. Sartagudako alkate Jose Ramon Martinezek jakitera eman duenez, oraingoz, Enrique Villarreal El Drogas-ek (Barricadako abeslariak) eta Jose Antonio Labordeta kantari eta Aragoiko Chuntako kide ohiak konfirmatu dute bertan izanen direla.

Proiektuaren lehen urratsak duela sei urte egin zituzten, preseski, Nafarroako Parlamentuak parkea eraikitzeko beharra adierazten zuen agiria sinatu zuenean. Geroztik, 82 udalek eskaini diote sostengua eta laguntza ekimenari, eta oraindik ere kopuru hori hazten ari da. Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak, era berean, diru laguntzak eman dituzte, eta hainbat udalek eta baita dozenaka pertsonak ere. «Ametsa errealitate bilakatzeko».

«Isiltasuna eta jazarpena nagusitu ondoren, sinestezina da parke honek adierazten duena adieraztea»

«Hemendik aurrera Nafarroako demokraziak askatasun handiagoa du, libreagoa baita»

Julio Sesma
Fusilatu baten semea

(Berria, 08 / 03 / 28)