sábado, marzo 15, 2008

EUSKAL HERRIAN DAUDE SASETA EUSKO GUDAROSTEA BURUAREN GORPUZKIAK


Lan nekeza da memoria historikoa berreskuratzea. Denboraren eta beldurraren poderioz ahaztutako edo isildutako gertaerak azaleratzea. Historiaren puzzlea osatzeko piezak biltzea. Bidean eroritakoen senideei egia jakiteko eskubidea bermatzea. Inurri lan hori, baina, fruituak ematen ari da pixkanaka. Iragan asteburuan eman zuen azkena. Candido Saseta Etxeberriaren gorpuzkiak topatu berri ditu Aranzadi zientzia elkarteak, hil zuten lekuan bertan, Arecesen (Asturias, Espainia). 70. urteren ostean, Euskal Herrian da 1936ko gerran Eusko Gudarosteko buruzagi nagusi izandakoaren hilotza.

Sasetaren gorpua non egon zitekeen ikertzen duela bi urte inguru hasi ziren Aranzadi Elkartean, aurkikuntza jakinarazteko atzo eginiko agerraldian adierazi zutenez. 1937an, Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, Asturiasera joan zen Saseta, euskal gudarien batailoien buruzagi. Areces herriaren inguruan hil zuten soldadu frankistek, beste hamarnaka gudarirekin batera. Inguru horretan, herritik 500 bat metrora topatu dituzte haren gorpuzkiak, Asturiasen "euskaldunen zelaia" esaten dioten ingurunean, borrokaldi hura dela eta.

Francisco Etxeberria Aranzadi elkarteko Antropologia Saileko arduradun eta auzitegiko medikuak esan zuenez, mendiko bide baten bazterrean zegoen gorpua. Inguruko herriko bizilagun batek xehetasun handiz adierazi zien lekua. Egun osoa lurra zulatzen eman eta etsipena nagusitzen ari zen unean azaldu ziren lehen hezurrak. Zenbait objektu ere topatu zituzten alboan: bala zorro bat, idazluma bat eta bi pizgailu, besteak beste. Aurkikuntzaren uneko zirrara nabarmendu zuen Etxeberriak, senideei eskerrak ematearekin batera.

OMENALDI BATEN BEHARRA
Orain zortzi urte hasi ziren zenbait elkarte lanean Hondarribian (Gipuzkoa), Sasetaren figura ahanzturatik atera nahian, Candido Sasetaren Aldeko Taldeko kide Joserra Enparanek gogoratu zuenez. Haren gorpua berreskuratzea ezinezkoa zitzaiela eta, bestelako ekimenen bidez haren bizitzaren berri ematen aritu da taldea urteotan. Izan ere, Enparanen hitzetan, ulertezina da urteotan guztietan Sasetaren mailako pertsonaia historiko bati merezitako aitortza egin ez izana. Iritzi bera du Miren Legorburu Hondarribiko zinegotziak. Sasetak bidea erakutsi zuela adierazi zuen Legorburuk, askotariko iritzi politikoetako ordezkariak hari gorazarre egin ziotela eta guztiak batzea lortu zuela gogora ekarrita. Hala, «alderdikeriak» alde batera utzita, Sasetari zor zaion omenaldia egiteko deia egin zuten Enparanek eta Legorburuk, hartarako batzorde bat eratzea proposatuz. Saseta Euskal Herri libre batean sinetsi zuen gizona izan zela nabarmendu zuen, bere aldetik, Alberto Muñoz EAE-ANVko buruzagiak.

Aranzadi elkartekoei, memoria historikoa berreskuratzearen aldeko Hondarribiko elkarteetako kideei eta bilaketa lanetan modu batera edo bestera lagundu duten guztiei eskerrak eman zizkien Eusko Gudarosteko buru izandakoaren iloba Arantxa Sasetak, familiaren izenean. Laguntza eman duten guztiekin esker oneko agertu ziren Aranzadi elkarteko kideak ere.

Sasetarekin batera hildako beste 80 bat euskal gudariren hilotzak daude lurpean Areces inguruan. Gorpuak berreskuratu eta Euskal Herriratzeari begira, lauzpabost senideren eskaerak jaso dituztela esan zuten Aranzadiko kideek, horiei erantzuteko asmoa agertzearekin batera. Orain arte eginiko ikerketen arabera, gorpuak lurperatuta egoteko aukera gehien duten zenbait leku identifikatuta dituzte. Dena den, halako ikerketak lan nekeza direla eta denbora eskatzen dutela gogoratu zuten. «Abiapuntua besterik ez da hau».

Gudarien buru egin zen militarra
Candido Saseta Etxeberria
Eusko Gudarosteko buruzagi nagusia

Telesforo Monzonek bere kantu batean aipatzen zuela-eta ezagun izango zuen hainbatek. 1936ko gerrako gudarien batailoi batek bere izena hartu zuelako beste hainbatek. Hondarribian jaio zen Candido Saseta Etxeberria, 1904an, Monzonen eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren urte berean. Gerra hasi aurretik karrera militarra egin zuen euskal armadako buruzagi bakarrenetakoa izan zen. 16 urterekin, Mikeleteetan sartzeko asmoz, Intendentzia Akademian hasi zen. Behin ikasketak amaituta, 1922an alferez egin zuten. Teniente maila lortuta, Ipar Afrikako lurretan ibili ostean, 1936an Gasteizera bidali zuten. Frankisten tropak altxatu zirenean, eta Intendentziako kapitain zela, kuarteletik desertatu eta Herri Frontearen aldeko indarrei batu zitzaien.
Eusko Gudarosteko lehen taldeak egituratzen lagundu zuen eta laster sendotu zen haren aitzindaritza gudarien artean. Birritan zauritu zuten frontean borrokan ari zela; Belkoainen (Gipuzkoa) lehenik, eta Legution (Araba) gero. Baina eriondoan egonik ere, frontera jo zuen berriro, Eusko Jaurlaritzak aginduta Asturiasera zuzendutako zutabe baten buru. Amaiur, Euzko Indarra eta Prieto batailoiek osatutako II. brigadako komandante gisa jardun zuen Areceseko borrokaldian. Eta bertan hil zen, beste hamarnaka gudarirekin batera, 1937ko otsailaren 23an.­

Arantxa Saseta, Candido Saseta zenaren iloba
«Instituzioek askoz gehiago inplikatu beharko lukete lan honetan»

Hunkituta mintzo da Arantxa Saseta osaba zenaren gorpuzkiak aurkitu izanari buruz. Egunotan sentitu duen zirrara azaltzeko balio duen hitzik ez dagoela dio. Zure aitaren lekukoa hartuz, osaba zenaren gorpuzkiak topatzeko lanekin aurrera egitea erabaki zenuen.

Gure aita duela urte asko aritu zen ikertzen anaia non lurperatu zuten. Baina asko bilatu izanagatik ere, ez zuen ezer aurkitu. Iaz, urteurrenean jakin nuen talde bat Arecesera joan zela. Nik ez nekien Areces non zegoen ere, eta mugitzen hasi nintzen. Aranzadiren bidez zerbait mugi genezakeela esan zidaten. Mexikon ditudan senideei deitu nien, eta honaino iritsi gara. Oso pozik eta oso eskertuta nago.

Beraz, arrastorik ere ez zenuen osaba zenaren gorpuzkiak non egon zitezkeen?

Beno, historia banekien, familiak kontatuta. Pentsa, 1937an hil zuten osaba, eta 1947an jaioa nintzen ni. Beraz, gure aitaren erbestealdiaren, espetxealdiaren eta buelta askoren ostean, berreskuratutako argazki bilduma zahar batzuk bakarrik ditut. Argazkiak oso ongi dokumentatuta daude atzealdean. Eta gauza askoren berri izan dut horrela, argazkietan Asturiasko garaiekin agertzen baita. Aita ere Asturiasen ibili zen bila.

Zer sentitu zenuen asteburuan, osabaren gorpuzkiak topatu zenituztenean?

Ezin da azaldu. Oraintxe bertan, hizketan ari naizela, ilea laztu egiten zait... Bertan egon nintzen bai, behin baino gehiagotan egon gara. Eta denetarik sentitzen da. Batez ere, izugarrizko zirrara. Egun osoa lurra aitzurtuz pasa zuten Aranzadiko mutilek, eta ez genuen aurkitzen. Eta arratsaldeko bostak aldera agertu ziren lehen hezurrak. Hori izan zen... ez dago hitzik.

Zer deritzozu Aranzadi elkartea eta beste hainbat bide horretan egiten ari diren lana? Eta nola ikusten duzu zeregin horretan instituzioen jarrera?

Lan hori, hasteko, izugarri gogorra da. Bestetik, lan hori egitera doan jendeak bihotza dauka, bihotzik ez baduzu ez baituzu hori egiten. Eta gainera, jakin egin behar da, baliabide tekniko asko erabili behar baitira, radarrak esaterako, ezin baituzu mendi osoa zulatzen aritu. Beraz, Aranzadik oso lan garrantzitsua egiten du. Instituzioek, berriz, askoz ere gehiago inplikatu beharko lukete, oso garrantzitsua baita lan hori. Familientzat urte asko dira bai, baina erresumina geratzea ere... Halako pertsonaia historiko bat, hain ezaguna izanik, hain gutxietsia, aintzat hartua ez izatea... Erreparazio modu bat da. Gorpuzkiak sendiaren hilobira eraman nahi ditugun galdetu digute, baina ez, ez. Candido Saseta Hondarribiko herriarena da, eta Hondarribiko herrian emango diogu lur.
(Berria. 08 / 03 / 14)