sábado, marzo 01, 2008

ANVk martxoaren 3ko biktimen aldeko neurriak eskatuko dizkio Xabier Agirreri

EAE-ANVk Martxoaren 3ko biktimen aldeko neurriak hartzeko eskaera eramango du astelehenean Arabako Biltzar Nagusietako kontrol saiora. Zehazki, EAE-ANVk Arabako ahaldun nagusi Xabier Agirreri galdetuko dio zer dela eta ez duen martxan jarri biktimei kalte-ordainak emateko araua .

Eusko Legebiltzarrak eta Espainiako Gobernuak martxoaren 3ko biktimei kalte-ordainak emateko neurririk onartu ez dutenez, Arabako Aldundiari dagokiola halako pausoa ematea uste du EAE-ANVk. Gainera, Batzar Nagusiek 2003an, 2005ean eta 2006an onartutako mozioetan eskaera hori egin zutela gogoratu du biltzarkide taldeak. Haren aburuz, aurreko foru gobernuak Martxoaren 3ko biktimen auzian izandako jarreratik aldendu beharko luke Xabier Agirrek, eta biktimak «moralki eta materialki» asebete beharko lituzke.

HERRIZAINGO SAILA

Halaber, duela bi urte Gasteizko jazoeren urtemuga gogoratzeko egindako manifestazioan izandako liskarrak direla-eta, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak biktimen elkarteko bi kide auzibidean jarri dituela kritikatu du EAE-ANVk. Hala, asteleheneko saioan, batzarkide taldeak ahaldun nagusiari eskatuko dio konpromisoa har dezala Herrizaingo Sailari auzibideak ixteko. Hori egingo ez balu, Martxoaren 3ko biktimekin egindako «bidegabekeria historikoa» are eta handiagoa izango litzatekeela iritzi dio EAE-ANVk.

(Berria. 08 / 03 / 01)