Hilabeteko lana dute aurretik Aranzadi Zientzia Elkarteko boluntarioek, ia 895 metroko garaieran dagoen Antsoaingo Ezkaba mendiko Botilen hilerriko indusketa amaitzeko (Nafarroa). Jose Maria Jimeno Jurio historialari ezagunari haren seme Roldan Jimenok aurkitu zion dokumentu baten bitartez jakin ahal izan zen, 1940ko hamarkadatik aurrera, Ezkabako gotorlekua espetxeko sendategi gisa baliatzen zenean hil ziren preso erien 130 hilotz eremu horretan lurperatu zituztela. Hala, Txinparta elkarteak 2007an baliatu zuen informazio hori lehenengoz, espetxeko sendategia izandako eremutik 500 metro ingurura dagoen hilerria aurkitu eta lehen indusketak egiteko. Orduan ohartu ziren kanposatuan hilotzak botila banarekin zeudela lurperatuta. Presoaren datuak jasotzen zituen agiria zuen barruan botila bakoitzak. Hortik datorkio kanposantuari Botilen hilerria izena.
Ezkabako gotorlekua inoiz ez zen baliatu gotorleku gisa. 1936ko gerran presondegi gisa erabili zuten arren, 1940tik aurrera espetxeko sendategi bihurtu zen. Azken garai horretan hildakoak dira Aranzadi indusketa egiten ari den hilerriko hilotzak. Elkarte horretako kide Paco Etxeberria auzitegiko medikuak jakinarazi duenez, espetxeko bizitzaren laztasunaren ondorioz hil ziren hilerrian lurperatutako 130 lagunak. «Oso toki umela, zikina eta hotza zen espetxeko sendategia, eta denbora asko igarotzen zuten jan gabe», azaldu du. Antza, azken zio horregatik preso ugari hiltzen zen, eta, hasiera batean, presondegiaren inguruan dauden Berriozar, Artika eta Antsoain herrietako hilerrietan lurperatzen zituzten. Baina alkateak kexatu egin ziren hilerriak presoen hilotzekin betetzen ari zirelako. «Horregatik erabaki zuten gune honetan presondegian hildako lagunentzat kanposantua egitea», argitu du Etxeberriak.
Hilerrian 130 hilotz dauden arren, 40 bakarrik berreskuratuko ditu Aranzadik. «Familiek ez badute eskaerarik egiten guk ez dugu hilotzak kanposantutik ateratzeko baimenik», esan du Etxeberriak. Hala, apurka-apurka, kokatuta dituzten 40 hilotz horiei lurra kentzen dihardute, satorrak balira bezala. Etengabe lanean ari diren hogei boluntarioetako bat da Gotzon Berjerandi. «Hilotzen kontserbazioa oso txarra da, bi metro eta erdiko sakoneran zeuden eta lurraren pisuaren eraginez askok kaskezurra hautsita dute». Dena den, pazientzia galdu gabe, apurka-apurka lanean dihardu, garai batean lurperatutakoa azaleratuz. «1936ko gerraren ostean gertatutakoa ezin da ezkutatu, horren oinordeko gara, eta ezinbestekoa da hil zirenei justizia apur bat bederen egitea».
Motzean
Espetxeko sendategiko egoera. Ezkaban zeuden 3.000 preso inguru oso egoera gogorrean bizi ziren. Gaixotasun larrien eraginez, tuberkulosiaz, esaterako, hiltzen ziren asko eta asko.
Hilerriko aztarnak. 130 hilotzek botila bana dute ondoan, hildakoaren datuak jasotzen dituen idatzia barruan gordeta.
Agiri galduak. Botila asko kortxo batekin tapatu zituzten, eta denbora pasatu ahala usteldu egin dira, eta, ondorioz, hildakoen agiriak desagerrarazi.