Langraizko kartzelan (Araba) omenaldia egingo dute gaur Eusko Jaurlaritzak antolatuta, frankismo garaian sexu joeragatik jazarri zituzten gizon eta emakumeak gogora ekartzeko. 1940-47 tartean, gay, lesbiana eta transexualak zirelako, preso izan zituzten hainbat pertsona espetxe horretan, eta haiek omentzeko antolatu du ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak.
Ekitaldia, 12:00etan hasiko da, eta bertan Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarekin batera, Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusi Mercedes Gallizo eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Iñigo Lamarca izango dira. Garai hartan sexu joeragatik jazarri zituzten pertsonen testigantzek lekua izango dute ekitaldian, eta gaia gertutik jarraitu duten hainbat lagun egongo dira; esate baterako, Fernando Olmeda kazetari eta idazlea; Olmedak El látigo y la pluma (Zigorra eta luma) liburua idatzi zuen.
KRITIKAK EKITALDIARI
Kritikak egin dituzte hainbat taldek omenaldiaren harira. Ahaztuak 1936-1977 erakundeak, esate baterako, Javier Madrazori, ekitaldi honekin, aurretik beste hainbatekin egin duen moduan, frankismoko biktimak «erabiltzea» egozten dio. Langraizko espetxean egun presoak egoera aski txarrean daudela gogorarazi du. Eta gainerakoetan ere ez daude hobeto. Zazpi preso hil ziren iaz Euskal Herriko espetxeetan, eta azken hiru urteetan guztira 27 hil dira. Azken hildakoa, Langraizen izan da, lehengo hilean.
(Berria. 08/02/03)