martes, febrero 05, 2008

"EGAZKINTXO" BATEN ESKE


Santa Ageda bezpera, Bediako plazan (Bizkaia). Igorreko institutuko ikasleak entseatzen zebiltzan, 16:30ak iristeko zain. Lau orduz Arratiako herri guztiak zeharkatuko zituen karabana hasteko prest zegoen, atzokoa ez baitzen Santa Ageda bezpera arrunta izan. 1937an kantatutako bertso berak abestu zituzten. Orduan Euskadiko gudarostearentzat hegazkin bat erosteko dirua bildu zuten. Eta halaxe agertu ziren atzo batxillergoko bigarreneko 40 ikasleak, gudariz jantzita, txapela buruan eta izeratsue zapia lepoan.

Kamioiaren gainetik bi kantu abestu zuten: bata, Bixente Etxezarraga "Zidorra" Zeanuriko bertsolariak 37ko Santa Agedarako eginiko koplak, eta bestea, Eusko gudariak, baina Arratiako erara, bi kopla erantsita. «Gudariak ere horrela ibili ziren, eta berreskuratzea pentsatu genuen, ideia ona delako dirua biltzeko eta lehengokoa gogorarazteko», esan zuen Olatz Goikoetxea ikasleak. AK-37 musika taldekoa da Goikoetxea. Institutuko ikasleek osatzen dute talde hori. 1937an herritarrek zein gudariek abesten zituzten kantuak bildu berri dituzte disko batean. Tartean, "Zidorra"k idatzitako koplak. Ikaskideekin batera aritu ziren atzo.

"AHAZTUAK" ELKARTEAREKIN BATERA

Oroimen historikoa, Santa Ageda bezperako ohitura eta herritarren parte- hartzea lotu zituen ekimenak. "Ahaztuak" frankismoaren biktimen elkarteak urteak daramatza oroimen historikoa berreskuratzeko lanean. Taldearekin elkarlanean burutu dute atzoko ekimena. Atzo bildutako diruaren zatirik handiena elkarteari emango diote, hain zuzen ere. Gainontzekoa ikas-bidaia ordaintzen laguntzeko erabiliko dute ikasleek.

Azaldu zutenez, duela 71 urte frankistak Bizkaira sartzen hasita zeuden. Bonbardaketak egiten zebiltzan, alemaniarrek eta italiarrek ordaindutako hegazkinen laguntzaz. Gero eta indartsuago zebiltzan. Euskaldunek ezintasun sentimendua nabaritu, baina etsitzeko asmorik ez zuten, ordea. Aireko bitartekoak behar zituzten frankistei aurre egiteko. Agintariek zein herritarrek hainbat ekimen abiatu zuten dirua lortzeko; horietako bat, Arratian. Hala, Euskadiko Gudarostearentzat hegazkin bat erosteko diru eske atera ziren Santa Ageda bezperan. Istorio hori da atzo berreskuratu zutena.

Orain hilabete batzuk otu zitzaien ideia. "Ahaztuak" taldeak kantu bilduma kaleratu zuen abenduan. Bertan AK-37 taldeak "Zidorra"ren bertsoekin egindako bertsioa jaso zuten. Orduan hasi zitzaizkion kontuari bueltaka. Atzo, arratiarren belarrietara iritsi ziren bertsook, berriro ere.
(Berria. 08 /02/ 05)