EAJk eta Nafarroa Baik sostengua emango diote Espainiako Memoria Historikoaren Lege proiektuari. Herenegun Espainiako Kongresuko Konstituzio Batzordean hitzartutako testuarekin guztiz bat ez etorri arren, alde onak dituela iritzi diote bi taldeek. Eusko Alkartasunak, berriz, hiru «gutxieneko» baldintza jasotzea eskatu du testua babesteko. Eta Ahaztuak 1936-1977 elkartea oso kritiko agertu da egitasmoarekin. Asteazkenean batuko dira berriro legebiltzar taldeak Konstituzio Batzordean eztabaidatzeko. Legea behin betiko hilaren 31ko osoko bilkuran onartuko dute seguruenik.
EAJ
Legeari sostengua eman bai, baina ez «erabatekoa»
Espainiako Kongresuko EAJ taldeak ohar bidez jakinarazi duenez, babes «partziala» emango dio Espainiako Memoria Historikoaren Lege egitasmoari. Taldearen ustez, lege proiektuaren lehen proposamena «nabarmen hobetu» da tramitazioan, baina euren «babes oso eta erabatekoa ezinezko egiten duten hutsuneak» ditu oraindik.
Testuak izandako hobekuntzak «besteak beste» taldeak berak aurkeztutako hainbat zuzenketari esker iritsi direla adierazi du EAJk. Horiei eta gainerako taldeen ekarpenei esker, EAJren ustez, «altxamendu frankistaren gaitzespenarekin», biktimen «erreparazio eraginkorrarekin» nahiz «bidegabeki jasanarazi zaien ahanztura behin betiko gainditzearekin konprometituagoa den testua» lortu da. «Lortutako testuak ez dio talde honen idealari erantzuten, baina une honetan ez du alternatiba bideragarririk», jeltzaleen aburuz. Hala, testua babestearen edo legeari «behin betiko uko egitearen artean aukeratzeko dilemaren aurrean», lehen aukeraren alde egin du EAJk, oraingo honetan egitasmoak porrot egingo balu hurrengo legegintzaldi batean berriro saiatzeko «oso aukera gutxi» daudela iritzita. Dena den, testuan Salamancako artxibategiaz jasotako hainbat xedapenek ez dutela EAJren babesik izango adierazi du.
EA
Hiru «gutxieneko» baldintza jaso ezean, babesik ez legeari
Eusko Alkartasunak Espainiako Memoria Historikoaren Legeari babesa emango badio, hiru gutxieneko baldintza jaso beharko ditu azken testuak, Begoña Lasagabaster EAko diputatuak atzo adierazi zuenez. Izan ere, Espainiako Gobernuaren lege proiektuaren lehen proposamenetik herenegun hitzartutako testura «hoberako aldaketak» ikusi baditu ere, lege proiektuaren testua ez datorrela EAren «filosofiarekin» bat iritzi dio diputatuak.
Hala, azken testuak hiru «gutxieneko» jasotzea ezinbestekotzat jo zuen Lasagabasterrek bere taldearen babesa izateko. Batetik, «erreparazioa ez ezik, egia eta justizia egotea» ezinbestekotzat jo zituen, eta baita Espainiako Gobernuak «beharrezko diren baliabide tekniko-juridiko guztiak jartzea ere, biktimek epaien baliogabetzea lortu ahal izateko». Izan ere, EAren irudiko, epai bidegabeez ez, baliogabeez hitz egin beharko luke legeak; bestela, biktimek eurek aurkeztu behar baitute epaien baliogabetzea lortzeko helegitea. «Lan hori botere publikoei dagokie, ez biktimei». Hala izango bada, helegiteak Fiskal Nagusiak aurkezteko eskatuko du EAk.
Bestetik, Salamancako artxibategian dauden euskal erakundeei «atzemandako eta bidegabe ebatsitako agiriak euren jabe zilegiei itzultzea» jarri du EAk baldintza gisa. Eta hirugarren «gutxienekotzat» «trantsizio garaiko polizia gehiegikerien biktimak terrorismoaren biktimekin parekatzea» jo zuen. Horien kasuan, ordain ekonomikoa jasotzeak ezin dituela erantzukizun juridikoak ordezkatu zehaztu zuen diputatuak.
Nafarroa Bai
«Proiektu berrian alde onak badaude, baina hobetu daiteke»
Uxue Barkos eta Joseba Ezeolazak adierazi dutenez, Nafarroa Bai koalizioak PSOEk aurkeztu duen Memoria Historikoaren Lege proiektu berriaren alde bozkatuko du.
Joseba Ezeolaza parlamentariak hiru aldaketa nagusi aipatu ditu aldeko botoa argudiatzeko: gerra garaiko eta diktadurako epaiketen zilegitasuna deuseztatzea, Francoren erregimena osoki gaitzestea eta Administrazioak bere gain hartzea gorpuen bilaketa.
Aldaketak baikortzat jota ere, Uxue Barkos diputatuak gai horretan lanean segitzeko beharra ikusten du: «Lege proiektu berri horretan alde onak badaude, baina hobetu daiteke». Bertzeak bertze, Ezeolazak gauzak zehazki idatzi beharra azpimarratu du: «Artikuluan argi eta garbi gaitzetsi behar da Francoren erregimena», eta haratago joanez, «sistema errepublikanoaren aldeko deklarazio gehitu behar zaio».
Ahaztuak 1936-1977
«Biktimek juridikoki errudun izaten jarraitzea iraingarria da»
Lege honekin errudun izaten jarraituko dute leloa idatzia zuen pankarta baten aurrean egin zuen atzoko agerraldia Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Eurentzat «iruzurra» da Memoria Historikoaren Lege proiektua, ez baititu frankismoaren garaiko errepresaliatuei ezarritako zigorrak baliogabetzen.
Martxelo Alvarez Ahaztuak-eko kidearen hitzetan, zigor horiek bidegabeak direla eta zilegitasunik ez dutela esatea ez da nahikoa: «Iraingarria da. Errepresaliatuek, juridikoki, errudun izaten jarraituko dute. Hori lorpen handi bat balitz bezala azaltzea frankismoko biktimei burla egitea dela iruditzen zaigu». Alvarezek esan zuenez, euren helburua ez da «erantzuleak zigortzea», baina biktimen zein «hiltzaileen» izen-abizenak jakinera eman behar dira: «Osasun demokratikoa hobetzeko ezinbesteko ariketa da».
Halaber, frankismoaren gaineko eztabaida sozial eta politikorik ez egotea salatu zuen Alvarezek: «Legearen filosofiak banakako kontu bihurtu du frankismoaren inguruko hausnarketa kolektiboa izan beharko lukeena. Biktima bakoitzak bere ordaina eska dezake, baina ez da egongo horri buruzko gogoeta gizartean». Hortaz, legearen kontra bozkatzeko eskatu zien Alvarezek Euskal Herriko alderdi politikoei: «Lege hau ezer ez edukitzea baino okerragoa da, horren bidez eztabaida baretu nahi dutelako. Ez da guri dagokigun legea. Gure senideak legea onartuko duten alderdietako militanteak ziren, eta legea onartzean, bigarren aldiz hilko dituzte».
(Berria. 07-10-12)