viernes, octubre 02, 2009

URRIAK 4: INTXORTAKO MILIZIANO ETA GUDARIEN OMENALDIA. Oxel Erostrbe (Elgetako Alkatea)

Igande honetan, urriaren 4an, Intxortako Atea eskulturaren aurrean elkartuko gara; gogoratzeko ideologia desberdinetako miliziano eta gudariek errepublikaren defentsan erakutsitako mugarik gabeko konpromisoa. Intxortan, Euskal Herrian eta baita estatuko hainbeste eta hainbeste herritan, armetan askoz ere gehiago zen etsaiaren aurrean, herriak berak lortutako eskubideen defentsa egin zutenak gogoratzeko.
Herriak lortutako eskubideen defentsan jardun zuten askorentzat, berandu datoz urriaren 4an egingo dugunaren moduko omenaldiak eta aldarrikapenak. Ezin da gehiago berandutu fusilatuen, desagertutakoen, goseak eta gaixotasunak frontean hildakoen errolda ofiziala. Eta ezin zerrenda horretatik kanpo laga preso hartu, exiliatu eta errepresaliatu zituztenak.
Guztiak biktimak dira guretzat. Eurek eta euren familiek merezi dute, irabazia dute, gertatutakoaren egia ezagutzea, genozidio hura egin zutenak justiziaren aurrera eramatea eta erakunde publikoek kalte-ordain neurriak ezartzea.
Gure herriaren kontra altxatutakoek aurrera eraman zuten genozidioaren biktima guztiek, jaso bezate lerro hauen bitartez, elgetarron berotasuna. Jakin bezate lan egingo dugula Egiaren batzordea martxan ipintzearen alde.
Faxismoaren oinordekoak hemen ditugu berriro ere. Hemen ditugu, guretzako hain bereziak diren lekuei eraso eginez. Aurrerago ere, eraso horiekin jarraituko dutela aldarrikatuz. Gertatzen ari denaren aurrean erantzun bateratua eman behar dugu. Argi utziz memoria historikoa berreskuratzeko ekimenekin jarraituko dugula. Urriaren 4an Intxortaren magalean elkartuko gara egia, justizia eta ordaintza aldarrikatzeko eta aurrerago beste hainbat eta hainbat lekutan elkartuko gara. Faxismoa betiko atzean laga nahi dugulako.
Lerro hauei bukaera emateko, hainbat eragilek elkarlanean egingo dugun ekitaldi honetara gonbidatu gura ditut Intxortako gudari eta milizianoak eta haien senide eta lagunak, baita dagoeneko gure artean ez daudenen familiartekoak eta lagunak ere. Urriaren 4an, 12:00etan, Intxortaren Atean elkartuko gara, 1936an faxismoa gelditu zutenak gogoratu eta etorkizuneko euskal errepublika aldarrikatzeko.

(Berria. 09 / 10 / 2)