lunes, octubre 26, 2009

SENIDEEN ETA LAGUNEN OMENALDIA DEBEKATU IZANAK EHUNKA LAGUN BATU DITI GUDARIAREN HILOBIAN

Bada euskal atsotitz bat honakoa dioena: «Asto ostikalariari bi zama». Atzo batek baino gehiagok izan zuen gogoan esaera hori edo parekoren bat Zarautzen. Pasa den irailaren 27an, Gudari Egunean, Ertzaintzak Jon Paredes Manot, Txiki, euskal militantearen senitarteko eta lagunak, Ahaztuak elkarteko kideekin batera, hilerritik kanporatu zituen Frankoren aginduz fusilatutako gaztearen heriotzaren 34. urteurrenean, zergatik eta urtero legez gaztearen hilobian lore eskaintza egiteagatik. «Injustizia lotsagarriaren» aurrean herritar talde batek martxa antolatu zuen atzo Txikiren amaren etxearen ataritik Zarauzko hilerriraino.

Urduri zegoen Juanita Manot, hala aitortu zuen Kepa Paredes semeak, eta horregatik, etxetik jaitsi eta han pilatutako jende andana ikustearekin batera, lehen malkoek irrist egin zioten.

Txalo artean hartu zuten bildutakoek Juanita Manot, semea lurperatuta dagoen hilerritik kanporatu zuten 80 urteko emakumeari sostengua erakutsi nahi baitzioten. Hunkituta baina tinko agertu zen eta, hala, txaloak itzaltzen zihoazela ikustean, «eskerrik asko! Eskerrik asko denei!» esan zuen ozen. Atzo Txikiren senideek esker hitzak baino ez zituzten izan; hala, irailaren 27an pasatako trago txarraren ostean, elkartasun urak edateko aukera izan zuten.

Hamabiak jota abiatu zen martxa, txistuarekin jotako «Borrokalari kalera» kantuaren lehen doinuak entzuten zirela. Lehen ilaran, dantzariek ikurrina zeramaten, atzean Txikiren senideak zeuden eta, beraien atzean, berriz, familiari elkartasuna adierazi eta Txiki omendu nahi zuten ehunka herritar zeuden, tartean Itziar Aizpurua eta Angel Rekalde ezker abertzaleko ordezkari historikoak, Antxon Gomez ANVko kidea, Aralarreko Aintzane Ezenarro edo Doris Benegas Iniziatiba Internazionalistako kidea.

Zarauzko hilerriko bide malkartsua igo ostean, Txikiren hilobiaren parean batu ziren herritarrak, «irailaren 27an apenas hasten utzi ziguten omenaldia amaitzeko».

Ikurrina, errepublikako bandera eta krabelin gorriekin osatutako sorta jarri zituzten hilobiaren gainean. Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak hartu zuen hitza, eta, lehenik eta behin, Gudari Egunen jazo ziren gertakariak salatu zituen: «Frankismoak hil zituen bost pertsona omendu nahi genituen. Guk ez dugu euren borraka modua goresten ez eta aurrekoena ere, baina badiogu, eta ozen gainera, erregimen faxista baten aurka edozein borroka dela egokia eta edozein borraka molde gure egiten dugula; ez dugu inor goretsiko baino ezta inor gaitzetsiko ere», ohartarazi zuen.

Herritarren erabakitasuna

Orain hilabete Txikiren senideak «mespretxatuak, bultzatuak eta hilerria uztera behartuak» izatea erabat tamalgarritzat jo zuen Alvarezek.

Gaia mahaiaren gainean izan da ordutik eta batetik eta bestetik iritsi dira elkartasun keinuak. «Guk guztiak eskertzen ditugu, baina, batez ere, herri honen erabakitasuna eta borondatea, hilabete beranduago kalera irten, berriz ere Zarauzko hilerrian batu eta argi eta ozen mintzatzeagatik; hori da borroka honen elementurik baliotsuena», nabarmendu zuen. Txikiren amak, bere aldetik, «hori da! Hori da!» esanez berretsi zituen Alvarezen hitzak.

Ahaztuak elkarteko ordezkariaren esanetan, erabakitasun hori da Euskal Herriko bide bazterretan lurperatuta dauden hezurrak bilatzera horrenbeste jende eta elkarte bultzatzen dituena, «oraindik ere eman ez diguten justizia bilatzera garamatzana». Eta borroka horren funtsa, adierazi zuen, «ez da sinestarazi nahi diguten moduan demokraziaren erregresioa, demokrazian sakontzea baizik».

Demokrazia ahotan hartuta, egun gertatzen ari denaren inguruan hausnartu beharra dagoela nabarmendu zuen Alvarezek: «Frankismoaren ideia eta sinboloak kentzeko ez dute ezer egiten, baina, aldiz, epaileen erabakiak erabiliz frankismoaren biktimen kontra jotzen dute, beren memoria gogoratzea debekatuz». Memoria historikoa, demokratikoa eta antifaxista defendatze aldera, gisa honetako debekuen aurrean ez dela makurtu behar ohartarazi zuen Alvarezek; izan ere, «ezin dugu onartu inork bere semea omentzeko debekua jasotzea aurrera baino atzera egiten duen demokrazia eredua izateagatik».

Dantzariek aurreskua dantzatu zuten ondoren euskal gudariaren hilobiaren parean, eta, jarraian, ekitaldia bultzatu duten herritarren izenean hartu zuen hitza Marije Ostolazak. Astean zehar egindako agerraldian esandakoak gogora ekarrita, ekimenaren helburua orain hilabete Zarauzko hilerrian gertatutakoa salatzea zela adierazi zuen; izan ere, «ba al dago gauza lotsagarriagorik semea diktadore batek hil ondoren handik urteetara senide eta lagunei omenaldia egitea debekatzea baino?».

«Debekuaren kitapena» egiteko ekitaldian, Txikirentzat eta honen senideentzat, batez ere Juanita amarentzat, elkartasun hitzak izan zituzten: «Beti jakin izan duzu Txikik nahiko lukeen tokian egoten, zure semeak amestu zuen ama zara, bera, zuk amestu zenuen semea, egunero zure gogoan duzuna». Hitzok bertaratutakoen barrunbeak astindu zituzten eta, berriz ere, senideen artean emozioa malkoak azaldu ziren. «Ahaztu hemen orain hilabete entzun zenituen hitzak eta gogoratu soilik gure begiek islatzen duten maitasuna», eskatu zioten amari.

Gudari Eguneko gertaera tamalgarriak gogora ekarrita, «diktadura baten antza hartzen ari den erregimen baten zantzuak» Euskal Herrian gero eta ugariago azaltzen ari direla nabarmendu zuten, «diktadura inoiz amaitu eta urrundu ez balitz bezala». Horregatik hain zuzen ere, Txikiren omenaldia antolatu zuen herritar taldeak askatasunaren aldeko konpromisoa berretsi zuen, «datozen belaunaldiek jakin dezaten Euskal Herrian askatasunaren aldeko borrokan bizitza eskaini zuten zarauztarrak beti gogoan izango ditugula».

«Eusko Gudariak» tinko eta ozen abestuz amaitu zuten omenaldia, makina bat lore sorta hilobiaren gainean jartzen zituzten bitartean.

(Gara. 09 / 10 / 26)