Alkartasuna eta Arturo Campion Fundazioek, eta Lau Haizetara Gogoan elkarteak antolatu dute topaketa. Bertan, justizia trantsizionala ikuspuntu juridikotik, Euskal Herrian izan duen eta izan dezakeen ikuspuntutik eta Argentinako esperientziatik aztertu dute.
Landaren arabera, oroimen historikoa «giza eskubideen eztabaidatik bereizia, bakartua» ageri da hainbat diskurtso politikotan. Hori zuzendu beharra dagoela eta eskubide urraketa guztiak «multzo batean» kudeatu behar direla deritzo: «Bakartzeak badakar lausotzea eta atzean dagoen errealitatea ahultzea». Gainera, nazioarteko zuzenbidean oroimen historikoa giza eskubideetan txertatuta dagoela dio.
Zuzenketa hori errealitate bihurtzeko, egiaren batzorde bat beharrezkoa dela iritzi dio Landak. Batzorde horrek indarkeria politikoaren biktima guztien aitortzaren, justiziaren eta ordaintzaren alde egingo luke lan, eta, horrela, biktimak ez lirateke mailakatuko luke gainera.
Gotzon Garmendiarentzat ere, ezinbestekoa da Euskal Herriko Egiaren Batzorde bat eratzea, justizia egin nahi bada. Garmendiaren arabera, gaur egun ezinezkoa da Espainian justizia egitea, 1977ko Amnistia Legea indargabetzen ez den bitartean. Lege horrek buruzagi frankistak eta bere oinordekoak zigorgabetasunean dituela deritzo. Gainera, gaurko politikariek Francok izendatutako oinordekoa Espainiako estatuburu gisa onartzea, diktaduraren biktimentzat jasanezina dela uste du.
Egiaren batzorde bat abiatzea posible delakoan da Garmendia: «Eusko Legebiltzarrari egiaren batzorde bat osatzea proposatu genionean ezker abertzalea legezkoa izan balitz, proposamena aurrera atera zatekeen».
Irakaspenak Argentinatik
Euskal Herrirako ekarpenak egiteko asmoz, justizia trantsizionalak Argentinan izan duen eragina azaldu du Cesar Arrondok. 1976 eta 1983 artean, armada izan zen agintean Argentinan, eta milaka hildako eta desagertu izan ziren garai hartan. Han ere, hainbat haur lapurtu zituzten.
Diktadura amaitzean, gobernu demokratikoak aurreko junta militarra epaitzeari ekin zion. Gainera, Raul Alfonsin presidenteak Conadep sustatu zuen —Pertsona Desagertuen Batzorde Nazionala—, Argentinan ospea duten lotura politikorik gabeko intelektualek osatua. Arrondoren arabera, 10.000 desagertzeren salaketa eta testigantza baino gehiago jaso ditu, eta oraindik jasotzen ditu, Conadepek.
Alfonsinen gobernuaren beste erabaki bat Demokraziaren Defentsarako Legea onartzea izan zen. Azkenik, Mercosurek 1996an adostu zuen gobernu kolpista bat ez aitortzea. Gertatutako krimenak ez errepikatzeko berme gisa jokatzen dute lege horrek eta Mercosurren akordioak.
Argentinak bizitako esperientzia Euskal Herriaren zerbitzura jarri du Arrondok. «Euskal Herriak ez du sekula etorkizun seriorik izango, ez baditu egia eta justizia erdiesten», esan du.
(Berria. 20 / 02 / 2011)