miércoles, octubre 27, 2010

BIZKAIKO AHALDUN FRANKISTEK EZ DUTE OMENIK IZANGO

Bizkaiko Biltzar Nagusiek atzera bota dute Javier Ibarra eta Augusto Unzeta Bizkaiko ahaldun frankistak omentzeko proposamena. ETAk 1977. urtean hil zituen aipatu bi ahaldunak, eta hori argudiatuta Bizkaiko Foru Aldundiko atarian oroimen plaka bat jartzeko eskaria egin du PPk. Atzo bozkatu zuten proposamena, baina PSE-EEren babesa baino ez zuen izan, eta ez zen aurrera atera.

Ekimen horren bitartez PPk «liskarra» sortu nahi izan duela nabarmendu du EAJk, eta gogorarazi du 1977. urtean hilketa horien aurka agertu zela. Batzar Nagusietako eztabaida «zikindu» nahi izatea leporatu diote PPri, eta bestelako jarrerak «sumintzea».

Aralarrek, berriz, «onartezintzat» jo du PPren proposamena, Bizkaiko ahaldun bi horiek Francisco Francok zuzendutako diktaduraren alde lan egin zutelako. Hau da, bizkaitarren alde lan egin beharrean frankismoaren alde lan egin izana kritikatu du Aralarrek. Horren haritik arrazoitu du EBk proposamenaren aurkako botoa, eta gaia Batzar Nagusietara heldu izana bera «gehiegizkoa» dela gaineratu du.

Alternatibak ere aurkako botoa argudiatu du esanez «faxistek» toki publikoetan ez dutelako tokirik izan behar. Ezker abertzaleko ordezkariak nabarmendu du «auzo lotsa» eragin diola eztabaida izate hutsak. Nolanahi ere, gaineratu du proposamenaren zioa horren «arraro» ez zaiola gertatu Manuel Fraga eta Jaime Mayor Oreja PP alderdiko kide direla ikusita.

PSE-EEk bi ahaldunen biktima izaeran oinarrituta eman zuen aldeko botoa. Batzar Nagusiak «balorazio moraletan» ezin direla sartu gaineratuz, hain justu. PPk ere bere proposamenaren aldeko botoa eman zuen. Ibarrak eta Unzetak, ahaldun izan zirenean, Bizkaiaren alde lan ona egin zutela argudiatu zuen, eta «nahita» ahaztu direla.

Frankismoari lotuta

Ibarrak eta Unzetak, Bizkaiko ahaldunak izateaz gain, lotura sendoa izan zuten frankismoarekin. Ibarra Falangeko edota frankismoaren Kontseilu Nazionaleko kide izan zen. Unzetak, besteak beste, Francisco Francori Gernikako urrezko domina eman zion bertako alkatea zenean.

Ahaztuak elkarteak irmo salatu zuen astelehenean ahaldun biak omentzeko asmoa. «Inork ez luke ulertuko sinbolo frankistak kentzeko borrokan ari garelarik Bizkaiko Batzar Nagusiek 2010ean erabakitzea beste bat jartzea», ohartarazi zuen. Gogora ekarri nahi izan zuen, gainera, bi ahaldun hauek Francoren erregimenarekin harreman hertsia izan zutela. PPk, kontrara, bere proposamenean «bizkaitar eredugarri» izan zirela esan du: «Gure herria gorputz eta arimaz eta eskuzabaltasunez zerbitzatu zuten».

(Berria. 2010 / 10 / 27)