sábado, mayo 29, 2010

OROIMENAREN EGUNA DEIERRIN

Bereziki odoltsua izan zen 1936ko estatu kolpea Nafarroako Deierri haranean eta inguruan. Gaur jardunaldi-jaialdia egingo dute han, gertaerok gogoratzeko. Bideoak, mahai-inguruak eta musika emanaldiak ikusi ahalko dira Ibiriku herrian.
Deierriko hamar biztanle hil zituzten frankistek, eta beste 70 inguruko herrietan (Larraga, Lizarra, Deikaztelu, Lerin, Allo, San Adrian eta Los Arcos). Gertaeron inguruko Deierri 1936 dokumentala emango dute, 17:30ean. Haraneko biztanleek beraiek egin dute ikus-entzunekoa eta izenburu bera daraman liburua. Faxisten matxinadaren kausak, ondorioak eta gerra ostean pairaturiko zazpi hamarkadako isiltasuna jasotzen dute lanean. Izan ere, orain arte, etxe barnean baino ez da hitz egin haranean 1936an gertaturikoaz. Liburua salgai jarriko dute, lehen aldiz, gaur, 10 euroan. Gainera, liburuarekin batera, dokumentala eraman ahalko du jendeak, doan.
Ondoren mahai-ingurua egingo dute Txalaparta argitaletxeko Joxe Mari Esparzak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Karlos Otxoak. Eguna amaitzeko kantaldia eskainiko dute Joteras de Larraga taldeak eta Fermin Balentzia abeslariak.
Ekainaren 4an jaialdiaren beste ekintza bat izango da: Berri Txarrak eta Leihotikan taldeek kontzertua egingo dute.
'DEIERRI 1936'
Noiz. Gaur, 17:00etan hasita, Ibirikun (Deierri harana, Nafarroa).
(Berria. 2010 / 05 / 29)