viernes, febrero 06, 2009

HERIOTZA, DOKTOREAREN BILA


Ez dute ez gorpuzkinik, ez DNArik, ez hilobirik. Haren semeak egindako aitortza; horixe dute. Eta Kairoko hotel batean aurkitutako dokumentu zorroa. Harenak omen dira, Heriotza Doktorearenak. Baina, bere burua gezurti gisa agertu eta, «oraingoan bai, oraingoan egia diot» esango lukeen horri sinestea zail egiten da. Urteetan galdetu izan diote Rudiger Heimi aitaren berri ba ote zuen. Eta hark ezetz. Arrastoa aspalditik galdua ziola, eta 1962an, bere aurkako atxiloketa agindua eman zutela jakitean, ihes egin eta familiarentzat ere klandestino bihurtu zela ziurtatu du behin baino gehiagotan. Orduko hartan Simon Wiesenthal Zentroko ikerlariek -fede txarrekoak haiek- ez zieten Rudigerren hitzei sinesgarritasun handirik aitortu. Eta Rudigerrek berak zorionduko lituzke hala egiteagatik; gezurretan aritu zela aitortu baitio ZDF Alemaniako telebista kate publikoari. Eta hara hor dilema: gezurren artetik egia zein den erabakitzea. Ez da harritzekoa, hortaz, oraingo honetan ere Wiesenthalekoek zalantzak agertu izana.

Hain uste txarrekoak ez direnentzat duela hamasei urte, 1992an, hil zen Aribert Heim doktorea, koloneko minbiziak jota. ZDFk eta The New York Times egunkariak Kairon aurkitutako hainbat dokumentuk hori bera baieztatzen dute, nahiz eta paper horietan agertzen dena Tarek Farid Hussein izan, eta ez Aribert Heim bera. Izen hori hartu omen zuen, baina, Heimek musulman bihurtzean, eta hari esker hil omen zen, lasai, telebistan ematen zituzten Olinpiar Jokoei begira. Halaber, azken egunak aitarekin egin zituen Rudigerrek. Baina soilik bizirik zela, hilobira arteko bidea bakarrik egin baitzuen Heriotza Doktorea-k. Horregatik amaitu zuen hobi komun batean, bizirik zenean bezala, hilda gero ere klandestinitatean jarraitzeko.

Mathausengo kriminala

Hamasei urtez gordeta izanagatik ere, perfektua dirudi Rudigerren kontakizunak. Hala uste du Efraim Zuroff urteetan kriminal nazien atzetik ibilitako ikerlari eta Simon Wiesenthaleko kideak. Eta horrek sortzen dizkio susmoak, hain zuzen, istorioa perfektuegia izateak. Horregatik, Heim hiltzat ez jotzea erabaki du, ez behintzat Alemaniako Ikerketa Kriminaleko Bulegoko adituek haren gorpuzkinak topatzen dituzten artean. Ez da lan erraza izango, kontakizuna perfektua izanagatik ere, Heimekin topo egiteko datu urri ematen baititu -horregatik izango da istorioa hain perfektu-. Bizirik zela harekin topo egitea bezain zaila izango da, beraz, hilda gero Heriotza Doktorea aurkitzea.
Zuroff ez bezala, baina, badirudi Alemaniako ikerlari kriminalak mamu baten atzetik ibiltzeaz aspertu direla. Urteetan handik hona, Txiletik Espainiara, Argentinatik Frantziara aritu dira Heimen atzetik, hura atxilotu eta Mathausengo deuseztatze esparruan (Austria) juduei egindako gehiegikeriengatik epaitu zezaten. Hala, Rudigerri entzunda, aski konbentzitu dituela dirudi. Heim nazi bilatuenen zerrendatik ateratzea erabaki dute, hala; eta Egiptora hura bilatu dezaten hainbat ikerleari bidaliko dituzte.

Aribert Heimi Mathausengo deuseztatze esparruan eman zioten Heriotza Doktorea izena. Juduekin esperimentu ankerrak egin zituen: haren obsesioa juduak mina zenbateraino jasateko gai ziren kalkulatzea zen. Eta teknika makabroak erabili zituen horretarako, nazismoko garai ilunetako sinbolo bihurtu arte. 300 bat lagun hil zituen euren bihotzetan fenola, petrolioa edo ura injektatuz; injekzioa ematen zienetik hiltzeko zenbat denbora behar zuten jakin nahi zuen, dirudienez. Anestesiarik gabe organoak aldatu, gorputz adarrak moztu eta edozelako kirurgia egiteko gai zen, Mathausengo presoei ahalik eta pairamen fisiko handiena eragiteko.

Horregatik guztiagatik egin zuen ihes Heimek; eta heriotzak aurkitu duen ez dago argi oraindik.

(Berria. 09 / 02 / 06)