jueves, diciembre 11, 2008

"BIKTIMEN BERTSIOA EZTABAIDAEZINA EGITEN DU HALAKO AURKIKUNTZA BATEK". Luis Fondebrider - Auzitegiko antropologoa

Buenos Aires hiriburutik 60 kilometrora dagoen La Plata izan zen diktadura garaian (1976-1983) gehien jazarritako hiria. Testigantzen arabera, 200 lagundik gora desagertarazi zituzten orduko militarrek inguruetako tortura gune klandestinoetan. Eta lekukoek diotena egia dela frogatu berri du EAAF Auzitegiko Antropologia Argentinar Taldeak. Sei adituz osatutako ekipoak biktimen aztarnak topatu zituen atzo, hain zuzen, Poza de Aran izeneko lekuan. Biktimen familiartekoen arabera, 1976 eta 1977 urteen artean atxilotze-gune bat egon zen martxan han. Hala kontatu dio BERRIAri taldeko buru Luis Fondebriderrek (Buenos Aires, 1963).
Aurkikuntza berritzailea dela esan duzue. Zergatik?
Argentinan, diktadura garaian, bahitutakoak desagerrarazteko sistema bat egon zen indarrean. Atxilotze gune klandestinoetan egiten zuten hori, polizia etxeetan gehienetan. Badira 25 urte garai hartako gehiegikeriak dokumentatu nahian gabiltzala. Gorpu mordoa atera dugu lurretik, elkarrizketa ugari ere egin ditugu, eta atxilotze-guneen inguruko testigantza ugari bildu. Oraingoa, ordea, aurkikuntza berezia da: gune klandestino bat zegoela uste zen lekuan biktimen aztarnak aurkitzen diren lehen aldia da, izan ere. Halako aurkikuntza batek, beraz, biktimen bertsioa eztabaidaezin bilakatzen du. Horra garrantzia.
Zer aurkitu duzue zehazki?
Milaka hezur zati txiki. Oso erreta daude, eta pneumatiko eta munizio hondarrekin nahastuta. Gurpilak gorpuak errazago erretzeko erabili zituztela dio hipotesiak. Harresi moduko bat ere topatu dugu, hilorma gisa erabili izango zutena, tiro aztarnak baititu. Zuloz josita dago eta horietako batzuen barnean balak daude oraindik.
Hain ezkutuan al zeuden aztarnak, orain artean gordeta egoteko?
Ez, luzarraletik metro gutxira topatu ditugu. Baina halako ikerketa bati ekiteko epaile baten agindua behar da. Horregatik ez dira orain artean argitara atera.
Epaile batek eskatuta hasi zineten ikerketarekin, Pozo de Aranan atxilotze-gune bat egon zen testigantzak asko eta aspaldikoak diren arren.
Ekimenak beti izan behar du epaile batena. Prozesu judizial baten barruko urrats bat baino ez da gure lana. Hala, joan den otsailean La Platako hirugarren auzitegi federaleko Coraza epaileak aginduta hasi ginen lanean. Salaketa bat medio, inguruetan gertatutako bahiketak eta hilketak aztertzen ari zen, eta horregatik eskatu zigun eremua arakatzeko- 2000 metro koadro inguru-. Beraz, otsailean bertan ekin genion lanari. Aireko argazkiak atera eta eremuaren mapa egin genuen. Eta martxoan hasi ginen indusketekin. Bi hilabeteren buruan milaka giza hezur zati eta bala azal topatu genituen. Hori ikusita, indusketa eremua zabaltzea erabaki genuen. Irailera artean jardun genuen horretan.
Eremua aztertzen hasi aurretik, bestelako ikerketarik egiten duzue?
Bai, ikerketa prebioa deitzen dioguna. Zein pertsona bahitu zituzten argitzen saiatzen gara lehenbizi. Haien familiartekoei galdeketak egiten dizkiegu. Poza de Aranan ehortzi zituztenak nortzuk izan ziren ere argitu nahi izan dugu modu horretan. Zentro klandestinoen zirkuitu baten parte zen eta 200 bat lagun desagertu zituzten susmoa dugu. Haien nortasuna argitzeko bidean, 500 lagundik gora elkarrizketatu dugu.
Eta orain, hezurrak topatu ostean, horien jabeen izen-abizenak argi litezke?
Oso zaila izango da hori, hezur zatiak oso txikiak baitira eta oso erreta baitaude. Urtarrilean hasiko gara horretan saiatzen, laborategian. Milaka zati horiek garbitu eta klasifikatu egin behar ditugu, analisi antropologikoa medio, zenbat laguni dagozkien jakin ahal izateko. Ondoren, eta ahal den kasuetan, material genetikoa berreskuratzen saiatuko gara.
Kolore anitzeko gobernuak izan dira azken 25 urtetan. Nork jarri dizue oztopo gehien?
Cristina Fernandezen gobernuak eta aurrekoak, haren senar Nestor Kirchnerrenak, bereziki erraztu du zuen eginbeharra?
Inoiz ez dugu arazorik izan, lege prozesuen baitako urrats bat izan baikara beti. Izan dira ikerketen aldekoagoak eta aurkakoagoak, baina inork ez digu hegorik moztu. 2003az geroztik, Kirchnerren gobernuan izan dugu, akaso, babes handiena; giza eskubideak osagai garrantzitsua ziren harentzat. Baina, oro har, 1984. urteaz geroztik Argentinako oroimena berreskuratze aldera aurrerapauso handiak eman direla uste dut.
(Berria. 08/ 12 / 11)