domingo, diciembre 28, 2008

36KO GERRAKO ERBESTERATUEN MILIOI ERDI SENIDEK ESPAINIAR NAZIOTASUNA ESKA DEZAKETE


Bihartik aurrera, espainiar naziotasuna eskatu ahal izango dute 1936ko gerran erbesteratutakoen ondorengoek. Hala jasotzen du asteon urtebete egin duen Espainiako Memoria Historikoaren Legeak, 36ko gerran nahiz frankismoan ihes egin behar izan zutenen senideen aitortzari dagokionez. Milioi erdi bat lagunek egin ahal izango dute eskaera.

Naziotasun espainiarra zuten pertsonen seme-alabei eragingo die neurriak. Baita 1936ko uztailaren 18tik 1955eko abenduaren 31ra bitarte ihes egiteagatik naziotasun hori galdu zutenen bilobei ere. Espainiako Gobernuaren datuen arabera, milioi erdi lagunek dute eskaera egiteko eskubidea. Argentinan -300.000 lagun inguru-, Uruguain, Kuban, Txilen, Venezuelan, Mexikon eta Frantzian bizi dira gehienak egun.

Bi urteko epea dago eskaerak aurkezteko; dena dela, epea urtebete luzatzeko aukera ere jasotzen du legeak. Espainiako Atzerri eta Justizia Ministerioetako helbideetan (www.maec.es eta www.mjusticia.es) eskura daude eskaera orriak.

(Berria. 08 / 12 / 28)