1968ko abuztuaren 2an, ETAren lehen atentatuaren eraginez Meliton Manzanas hil zen. Euskal Herriko frankismoaren errepresioaren ikurra. Polizia espainiar hau Gipuzkoako Gizarte Politikako Brigadako buruzagia izan zen, eta terrore frankistaren erakusle handienetzat hartua da Euskal Herriko lurraldean.
36ko gerra ostean, Francok 1941ean Irungo inspektore izendatu zuen, eta euskal herritarren giza eskubideak urratzeko askatasun osoa eman zion. Manzanasek denbora bazuen Gipuzkoako leku publikoetan oilartzeko, eta naziei laguntzeko, batez ere Gestapori. Ankerkeria ikaragarriko torturatzailea zen.
Ez zituzten aintzat hartzen hainbat biktimaren aitortzak lortzeko erabili zituen metodo basatien inguruko salaketak, eta teknika terrorista horietan oinarrituz ezarri zuen terrorearen estatua Gipuzkoan, euskal hiritarren bizitzaren eta heriotzaren jabe bilakatuta, abuztuaren 2a heldu zen arte, hil zuten arte. Gogoratu behar da bere heriotzaren albisteak zoriona zabaldu zuela hiritarren artean, haien joera politikoak zernahi izanda ere.
Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak, Mayor Orejarekin batera, torturatzaileari gorazarre egin zion 2002an Terrorismoaren Biktimentzako Aitortza Zibilaren Errege Ordena emanez. Ustez demokratikoa den estatuak emandako izendapena gaitzetsi zuten Giza Eskubideen Erakundeak, Amnesty Internationalek eta Madrilgo Foroak, munduko hainbat elkarte eta pertsonaien artean.
Oraingo tortura salaketek frogatzen dute, zoritxarrez, Meliton Manzanasek marka erdeinagarria utzi duela. Oroitzapenak balio beza oroimena mantentzeko, eta argi izateko egileek, beste argudio eta mozorroarekin Euskal Herria suntsitzen jarraitzen dutela, 40 urte geroago.
(*)Argentinako La Plata Unibertsitate Nazionaleko irakaslea
(Berria. 08 / 08 / 02)