lunes, abril 08, 2013

ARTAJO ETA ASURMENDI GOGORATZEKO EKITALDIA DEBEKATU DU ALBAK


Frankismoaren aurkako borrokan 1969an hildako Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi EGI-Batasunako kideak gogoratzeko asteartean egitekoa zen ekitaldia debekatu du Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak, Ahaztuak 1936-1977 taldeak salatu duenez. Debekatutako ekitaldiaren ordez, mintzaldi bat antolatu dute asteartean bertan, 19.30ean, Iruñeko Nabarreria kaleko Zabaldi etxean. «La historia olvidada. EGI-Batasuna en Nafarroa en la década de 1960» liburuaren egile Jose Luis Diaz moderatzaile gisa ariko da eta Artajo eta Asurmendiren kide izandakoek hartuko dute parte.
Ahaztuak 1936-1977 taldeak gogor kritikatu du Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren jarrera. Izan ere, 2009an antzeko ekitaldi bat debekatu bazuen ere, 2011n arazorik gabe egin zen. 2012an, berriz, debeku berri bat jasan zuten. Eta, aurten, beste bat.

Gobernu Ordezkaritzak hildakoak ETAkoak zirela argudiatuta debekatu du ekitaldia. Ahaztuak-ek, berriz, Artajo eta Asurmendi EAJrekin lotura zuen EGI-Batasuna taldeko kideak zirela gogoratu du. Jartzen ari ziren bonba batek eztanda egitean hil ziren biak. Hori dela eta, Albaren asmoa «inpunitatearen eredu espainola mantentzea» dela salatu du Ahaztuak-ek. «Eredu horren aldekoek erabakitzen dute nor gogora dezakegun eta nor ez. Eta hori guztia, hilero frankismoaren apologia egiten den hiri batean, Artzapezpikuaren jabetzako Hildakoen Monumentuan Mola eta Sanjurjoren omenezko mezak egiten baitira. Jokin eta Alberto frankismoaren aurka eta askatasunaren alde borrokan aritu ziren. Diktadurari aurre egin zioten eta bizia eman zuten», nabarmendu du Ahaztuak-ek. 

(Gara. 2013 / 04 / 07)