lunes, julio 05, 2010

LEHENGO ETA ORAINGO GUDARIEI OMENALDI HUNKIGARRI ALBERTIAN

«Oroimen historikoa berreskuratzen» izan da aurtengo Albertia Egunaren leloa. Legutio eta Landako herrien arteko Gazteluako hariztian zein Albertia mendiko tontorrean, atzo eta gaurko gudariak gogoratu eta omentzeaz gain, EAE-ANVren eta ezker abertzale guztiaren historia eta ekintzak gogora ekarri zituzten atzo.

Urtero legez, 1936ko Gerra Zibilean Albertia mendian hil ziren EAE-ANVko 300 gudariak omendu zituen atzo alderdi ekintzaileak. Ekitaldia Albertia mendiko tontorrean hasi zuten eta gero Gazteluako hariztian egin zuten ekitaldi politikoa. Horren ostean, bazkaltzeko garaia heldu zen.

Mendiko botak eta arropa aproposa jantzita, abiatu ziren mendian gora. Ordubete luzea egin zuten Albertiako tontorreraino heltzeko. Gailurrera iritsitakoan, lehengo eta oraingo gudariei omenaldi hunkigarria eskaini zieten. Joseba Garitaonaindia preso ohiak hitza hartu eta euskal preso eta iheslariak ekarri zituen gogora. «Borrokaren bidez eta duintasunari loturik militantzia politikoari eutsiz EPPK-k Europa osoko espetxe politikarik ankerrenari aurre egiten dio», laburbildu zuen Garitaonaindiak.

Memoria historikoa berreskuratzearen alde lan egiten duen Lau Haizetara plataformaren izenean, Gotzon Garmendiak zein Antton Gomezek «egia, justizia eta erreparazioa» beharrezkoa dela gogorarazi zuten. Azkenik, Jon Etxeandia preso ohiaren -Albertiako zitan parte hartzen zuena eta orain hilabete gutxi hil dena- omenezko plaka bat jarri zuten tontorrean.

Oso une hunkigarriak bizi zituen atzo Albertiako tontorrak, batez ere, Jon Etxeandiaren errautsak zabaldu zituztenean. Sever Ormaza, Imanol Agirre eta Paco Gallaga EAE-ANVko militanteen omenez ere beste plaka bat jarri zuten. Tontorreko ekitaldiari amaiera emateko, ohorezko aurreskua dantzatu eta gero, Legutio eta Landako herrien artean dagoen Gazteluko hariztirantz abiatu ziren.

Hamaiketakoa hariztian

Ekitaldi politikoa baino lehen, Gazteluako hariztien gerizpean, hamaiketakoa egiteko aprobetxatu zuten Albertia Egunean parte hartu zuten lagunek. LAB sindikatuko Rafa Izquierdok eta ezker abertzaleko Miren Legorburuk hitzaldia egin ondoren, Txarli Gonzalez EAE-ANVko idazkari nagusiak hartu zuen hitza.

1.937 urte urrun eta aldi berean gertu hartan, ehunka ekintzailek independentzia eta sozialismoa defendatzeko bizitza eman zutela gogorarazteaz gain, «harrotasunez, baina aldi berean, harrokeriarik gabe, urte askotan Albertia Eguna Euskal Herrian oroimen historikoari eskainitako gune ia bakarra eta bakartia» izan dela esan zuen ekintzaileak.

«Oroimen historikoa ez da soilik garrantzizkoa Euskal Herriko historiaren jabe izatearen garrantziagatik, nahiz eta hau oso inportantea izan -argitu zuen Gonzalezek-. Jabetu beharra daukagu, Egungo Estatu espainolaren ahuldade handienetarikoa Erreforma Politikoan datzala, eta hori eta 1977ko Amnistiaren Legea direla ukitu ezinezko giltzarriak».

Ekitaldi osteko bazkariarekin amaitu zuten eguna.
(Gara. 2010 / 07 / 5)