jueves, diciembre 03, 2009

IRUÑEA FRANKISMOAREN IKURREZ "BETEA" DAGOELA SALATU DUTE

Oroimenaren Autobusa ekimena osatzen duten taldeek-Ahaztuak, Eguzki Bideoak, Alargunen Herria, Hormiga Atomica liburuak, Memoriaren Bideak, Mugarik Gabeko Psikologoak, Txinparta - Iruñea «frankismo garaiko ikurrez betea» dagoela salatu dute. Hala, frankismo garaian Ezkabako gotorlekuan preso egon ziren lagunak gogoan izan dituzte beste behin. Iragan udan egin bezala, Iruñeko Rodezno Konderria plazari, Ezkabako Ihesaldia izena jartzeko gogoa agerian utzi dute. Izan ere, Carlos Otxoa Oroimenaren autobusa egitasmoko kidearen irudiko, izen horren itzala ilunegia da: «Onargaitza da Francoren garaian Justizia ministro izandako Tomas Dominguez Arevalo jaunak halako omena izatea, ehunka lagun hil zitzaten agindu ostean».

Faxismoarekin lotuta dauden lagunek, edota giza eskubideak urratu dituztenek ezin dutela inolako «gorazarre publikorik jaso» gogorarazi du Otxoak. Sinadurak biltzen hasiko dira, egun Rodeznoko Konderriaren plaza denari Ezkabako Ihesaldia jar diezaion Iruñeko Udalak. Hala ere, gai horretan ez dela «baikorra» onartu du Otxoak. Izan ere, Iruñeko Udaleko oposizioak mozio baten bitartez adostu zuen Rodezno Kondearen plazari izena aldatzea, memoria historikoaren legea ez zuelako «errespetatzen» argudiatuta. Baina mozio hori ez zuen kontuan hartu Yolanda Barcina Iruñeko alkateak, nahiz eta plazari izena aldatu zion: Rodeznoko Konderria plaza. «Barcinak trikimailu bat besterik ez du egin, Tomas Dominguez Arevalo omentzen jarraitzeko», salatu du Otxoak.

Oroimenaren Autobuseko kideek eztabaida eta gogoeta publikoaren beharra dagoela diote. «Francoren garaian errepublikaren eta demokraziaren alde lanean aritu ziren lagunek euren omenaldia izan dezaten».

Frankismoaren espetxea

Bestalde, Ezkabako gotorlekuan azken asteetan egin dituzten berrikuntza lanak kritikatu dituzte, han frankismoan preso egon zirenen memoria ez dela gogora ekarri salatuz. Alde horretatik, Berriobeitiko Udalari txosten bat eskatu diote. «Kultur ondasuna denez gero, bertan lanak egiteko Berriobeitiko Udalaren eta Vianako Printzearen Institutuaren baimenak behar zituen Espainiako Barne Ministerioak, eta ez da hala izan». Egun, Ministerioa bera da Ezkabako gotorlekuaren jabe, eta, beraz, haren kudeaketa Espainiako Armadaren esku dago.

Hiru hilabeteren buruan Berriobeitiko Udalak txosten hori kaleratzen ez badu, salaketa bat jarriko dutela jakinarazi dute. «Ezkaban preso egon zirenek demokraziaren alde borroka egin zuten, eta horiek ahantzarazi egin nahi dizkiguten arren, ez dugu onartuko; gotorlekua babesten jarraituko dugu».

(Berria. 09 / 11 / 3)