Martxoak 3 elkarteko partaideak auzipetzearen aurkako salaketa publikoa egin dute ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek. Arabako Lurralde Auzitegiak elkarteko kideen kontra dituen eginbideak artxibatu, orduko gertakizunak argitzen saiatu eta erantzule politikoak bilatzeko galdegin dute, agiri baten bitartez.
Bi urte dira Gasteizko Zaramaga auzoko gertakarien urteurrena gogoratzeko manifestazioa egin zela, eta Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz hiru lagun atxilotu eta beste hainbat zauritu zituztela. EAEko Herrizaingo Sailak Auzitegi Nazionalera eginbideak bidali eta bertan «terrorismoaren apologia» egiteagatik salatu zituzten. Salaketa bertan behera utzi zuen auzitegiak.
Orain, Arabako Lurralde Auzitegiko fiskalak espetxe zigorra eskatu du urteurreneko ekitaldian atxilotutako hirurentzat. Sindikatuek salatu moduan, elkartearen zeregina orduko gertakizunak argitzen saiatu eta arduradunek euren erantzukizuna onartu dezaten izan da. Hala, sindikatuen arabera, «eskubide demokratikoen zapalketa larria» da auzia. «Martxoaren 3an justizia eskatuz ateratzen garen Gasteizko langile guztiei Herrizaingo Sailetik egiten zaigun erasoa da», salatu zuen LABeko kide David Rasinesek.
Martxoaren 3an sarraskia gogoratzeaz gainera «borroka eguna» ere badela esan zuen, «norbanakoaren eskubideetan eta eskubide kolektiboetan gertatzen diren urraketak salatzekoa». Lau sindikatuek adostutako agirian elkarteko kideen aurkako eginbideak artxibatu eta arduradun politikoek auzipetuei babesa emateko galdegin dute. Gertatutakoa salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan ere parte hartzeko eskatu diete langile guztiei.
(Berria. 08 / 09 / 26)