jueves, septiembre 11, 2008

1936KO GERRAN FUSILATUTAKO 380 DONOSTIAR OMENDUKO DITUZTE ETZI

Omenaldia egingo diete 1936. eta 1942. urteen artean fusilatu zituzten donostiar guztiei. Etziko jarri dute ordua, eguerdian, Donostiako Alderdi Ederren. Iñaki Egaña historialariak; Patxi Mugerzak, zeina fusilatutako donostiarren nondik norakoak aztertzen aritu den, eta hildakoen hainbat senidek aurkeztu zuten ekimena, atzo, Donostian.

Gaur-gaurkoz, fusilatutako 380 donostiarren izen-abizenak baieztatu ahal izan dituztela jakinarazi du Egañak. Hala eta guztiz ere, denbora pasa ahala, gehiagoren berri izango dutela iritzi dio. Izan ere, orain dela hamar urte, 340 lagun ingururen berri zuten.

Ekitaldia Donostiako Udalak antolatu beharko lukeela uste du Egañak. Baina auziaren gainean Udalak ez duela urratsik egin salatu du. «Nire iritziz, Udalak ez du ezertxo ere egin fusilatutako donostiarren alde». Horiek horrela, Frankismoaren Biktimen Donostiako Elkartearen ekimenez egingo da larunbaterako ekitaldia, fusilatutako «gehiegi baitira ahaztuak izateko», haien ustetan.

Ekitaldia egiteko, propio aukeratu dute irailaren 13a, Egañak azaldu zuenez. Izan ere, etzi 72 urte beteko dira Francoren tropak Donostian sartu zirela, eta hori ere gogoratuko dute ekitaldian. Historiaren pasarte beltz haiek azalduko ditu Egañak berak ekitaldian. Bertsolariak eta dantzariak ere izango dira.

Fusilatutako donostiarren inguruan asko ikertu duen gizona da Mugerza, bere ustez «aditua» ez bada ere. «Egoera hura bizi eta berau ahaztu nahi izan ez duen Uliako bizilagun bat» baino ez da, bere hitzetan. Esan duenez, «Uliako jende guztiak zekien non zeuden lurperatuta fusilatutakoak, baina inork ez zuen ezer ere esaten».

Fusilatuen auzia ez zegoela alboratzerik konturatu zen Mugerza; gertakari haien gainean inork ezer ez zuenez kontatzen, eta zerbait zekitenak gero eta zaharragoak zirenez, fusilamenduen gaia aztertzen hastea erabaki zuen. Orain gauza asko aldatu direla iritzita, pozik agertu zen ekitaldia antolatu izanarekin. Izan ere, haren ustez, kontu asko argitzen ari dira eta orain jakina da zenbait hildakoren kokalekua.

Berrizen ere, omenaldia

Gaur beste omenaldi bat izango da Berrizen (Bizkaia), Udalak antolatuta. Izan ere, gaurko egunez berrizko alkate izandako Felipe Urtiaga eta Jose Agirre herrizaina hil zituzten Francoren aldekoek, 1937an. Ekitaldiarekin Berrizko Udalak 36ko gerran zauritu, hil edo espetxeratu zituzten berriztarrei egin nahi die gorazarre. Egun osoko ekitaldia antolatu du horretarako.

Nire iritziz, Udalak ez du ezertxo ere egin fusilatutako donostiarren alde»

Iñaki Egaña, historialaria

«Uliako jende guztiak zekien non zeuden lurperatuta, baina inork ere ez zuen ezer esaten»
Patxi Mugerza, fusilatutako donostiarren auzian aditua
(Berria. 08 / 09 / 11)