martes, septiembre 30, 2008

MARTXOAREN 3KO BIKTIMEN TALDEAK ELKARTASUN KANPAINA BAT ABIATU DU

Martxoaren 3ko biktimen elkarteak atxikimendu kanpaina bat abiatu du. Batetik, duela bi urte Gasteizen eginiko manifestazioaren ondotik izandako istiluengatik inputatuta dauden Andoni Txasko, Josu Ormaetxea eta Aitor Fernandezi elkartasuna eta babesa azaltzeko. Eta, bestetik, Herrizaingo Sailari eskatzeko txostena «berehala» atzera botatzeko eta zauritutako eta atxilotutako guztiei kalte-ordaina ordaintzeko. Javier Balza sailburua kargutik kentzeko ere eskatu dute.

Taldeak agirian gogorarazi du 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileen hilketaren 30. urteurrena bete zela 2006an, eta biktimen omenez eginiko manifestazioan Ertzaintza, «terrorismoaren gorazarrea egiten ari zelakoan», oldartu eta manifestarien aurka jo zuela. Zauritu asko izan ziren, eta Txasko, Ormaetxea eta Fernandez atxilotu zituzten.

Elkartearen arabera, ertzainen ekintza «martxoaren 3ko espirituaren eta langileen aurkako eraso zuzena izan zen». Era berean, isunak ez ezik, inputatuentzat 18 eta 30 hilabete arteko espetxe zigorrak ere eskatu direla azaldu du, eta zigor eskaera horiek «gezurrez betetako» argitze agiri batean oinarritzen direla. Elkartearen asmoa da informazio hori sindikatuei bidaltzea eta Gasteizko Udaleko eta Arabako Biltzar naNusietako alderdi guztiei igortzea.

(Berria. 08 / 10 / 01)