martes, septiembre 23, 2008

36KO GERRAN DESAGERTU ZIREN 5.800 EUSKAL HERRITARREN BERRI EMAN DIOTE GARZONI


1936ko gerraren eta haren osteko frankismoaren errepresioaren ondorioz hil ziren 5.800 euskal herritarrei buruzko datuak eman dizkiote Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileari. Frankismoaren ondorioz «indarrez desagertu» zituzten lagunei buruzko ikerketa abiatu zuen irailaren 1ean epaileak. Espainiako Gobernuari, Elizari eta Granadako, Sevillako, Kordobako eta Madrilgo (Espainia) udalei eskatu zien informazioa, besteak beste, Garzonek. Horrekin batera, epaileak 15 egun eman zizkien, auzitara jo zuten elkarte eta norbanakoei, haien eskuetan ziren datuak epailearen bulegora eramateko. Guztira, Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Euskal Herrian indarrez desagertutako 143.353 pertsonari buruzko datuak bildu dituzte biktimen familien 11 elkarteek, norbanakoek eta CGT sindikatuak.

Iñaki Egaña historialaria ez da fio aurkeztu diren txostenekin. Nafarroan 3.920 laguni buruzko datuak eman dizkiote Garzon epaileari, baina datu hori «puztua dago», Egañaren esanetan: «Nafarroan, azkenaldian agertu diren gorpuekin, fusilatuak ez ziren 3.100 baino gehiago izan». Zalantzan jarri du, beraz, Nafarroan hainbeste desagertu izan zirenik. Bestetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, desagertutako 1.900 lagunen berri eman diote Garzon epaileari. Egañaren ikerketen arabera, fusilatuak bakarrik zenbatuta, 2.500 lagun hil ziren hiru herrialde horietan.

Epaileak zabaldu duen ikerketan zeintzuk diren biktima eta zeintzuk ez, ez dago argi. Egañak azaldu duenez, instituzio batek, ofizialki, pertsona bat hilda dagoela familiari jakinarazten ez dion bitartean hildako hori desagertua da. Egañak irizpide horrekin osatu ditu orain arte zerrendak. Horrek esan nahiko luke gerran hil ziren asko ere indarrez desagertuak direla. «Frentean hil zirenen izenak, han-hemenka agertzen badira ere, gehienetan ez zaie senideei agiri ofizialik bidali». Ez dago argi Garzon epailearen ikerketan hildako horiek lekurik izango duten.

Aranzadi elkarteko Francisco Etxeberria auzitegiko medikuak ere zalantzak ditu. «Guk ere ez dakigu aurkeztu diren datu horietan nortzuk dauden. Kontua da elkarteak zerrenda bila hasi direla eta denetik aurkeztu dutela, herri bateko zerrenda bat, herrialde batekoa...». Etxeberriaren ustez, litekeena da zerrendak osatu gabe egotea edo jendea errepikatzea.

Polemika, datuen iturriekin

Garzonen eskuetan dauden euskal herritarrei buruzko datu gehienak Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko Teofilo Goldarazenak bidali ditu. Hala ere, ikerketa gehienak lehendik eginak zeuden. 1936ko gerrari eta haren inguruko errepresioari buruz egin diren bi ikerlanetan oinarritu da, nagusiki, zerrenda hori: Iñaki Egañak zuzendu zuen 1936, Gerra zibila Euskal Herrian (Aralar liburuak, 1998), eta Altaffaylla kultur taldeak burutu zuen "De la esperanza al terror" (Altaffaylla, 1986). Goldarazenak hainbat elkarteri eta pertsonari eskatu dizkie datuak, baina kexu agertu da: Euskal Herrian datuak lortzeko «arazo asko» izan ditu. «Oso jende gutxik lagundu nahi zuen Garzonen eskuetan bukatuko zuen zerbaitetan», adierazi du.

Goldarazenak prentsari eginiko adierazpenak gezurtatu ditu Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Garzon epailearen jarduerak «egia, justizia eta frankismoaren biktimen ordainerako» balio badu, elkartearen laguntza izango duela jakinarazi du Ahaztuak-ek. «Baina, frankismoaren biktimei iruzur berria egitea bilatzen badu, aurrean edukiko gaitu, noski», argitu dute. «Espainiaren zigorgabetasun ereduari jarraipena eman nahi dion memoria historikoa ulertzeko modu bat» gaitzetsi dute Ahaztuak-eko kideek. Laguntzeko prest egoteak ez duela «beste elkarte edo pertsonen aginduetara jartzea» esan nahi adierazi dute.

Altaffayllako kide Mari Jose Ruizek ere harriturik hartu ditu Goldarazenaren adierazpenak. Altafayllak osatutako zerrenda erabil ote zezakeen galdegin zien Goldarazenak, eta ea euskarri informatikoa bidal ote ziezaioketen. «Arazo batzuk izan ditugu pdf formatura pasatzeko, baina ostiralean bukatu genuen lana, eta bukatu bezala bidali genion». Ruizek argi utzi du ez diotela inori daturik ukatu: «86an atera genuen liburua, hor egon da». Goldarazenak informazioa nola eskuratu duen ez aipatzea gaizki iruditu zaio: «Orain ematen du dena berak egin duela, hor ibili dela, batera eta bestera...».

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak ere landu du txostena, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrez desagertu zituzten pertsonei buruzko datuekin. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu Joseba Azkarragak eta Giza Eskubideen zuzendari Jon Mirena Landak atzo aurkeztu behar zituzten datuak prentsaren aurrean, baina bertan behera utzi zuten ekitaldia. «Informazioa prest dago Baltasar Garzon magistratuari bidaltzeko», jakinarazi du, dena den, Eusko Jaurlaritzak igorritako oharrak.

Garzon epaileak informaziorik eskatu ez zien arren Galiziako Xuntak eta Kataluniako Generalitateak iragan astean igarri zuten epaileari haien esku zegoen informazioa igorriko ziotela.

"Nafarroan, azkenaldian agertu diren gorpuekin, fusilatuak ez ziren 3.100 baino gehiago izan»
Iñaki Egaña. Historialaria

«Kontua da elkarteak zerrenda bila hasi direla eta denetik aurkeztu dutela»
Francisco Etxeberria. Auzitegi medikua, Aranzadiko kidea

Datua: 5.500

Euskal herritar fusilatuak. 1936tik 1950 inguru arte, 5.500 lagun fusilatu zituzten Euskal Herrian, Iñaki Egañak zuzendu izan dituen ikerketen arabera. Gipuzkoan 1.100, Bizkaian 1.000 inguru eta Araban 350 lagun fusilatu zituzten altxatuek. Hala ere, Nafarroan egon zen fusilatu gehien, erdiak baino gehiago. Altaffaylla Kultur Taldeak 1986an argitara eman zituen datuen arabera, 2.800 lagun inguru fusilatu zituzten altxatuek Nafarroan. Gero egindako ikerketetan zehaztu da kopuru hori 3.000 eta 3.100 artekoa izan zela.

(Berria. 08 / 09 / 23)