miércoles, septiembre 10, 2008

«UNIFORMETZE AHALEGINA» AURPEGIRATU DIO HISTORIALARI TALDE BATEK ESPAINIARI

«Espainia, estatu tresnen bitartez eta espainiarkerian diharduten zenbait kultur inguruneren laguntzaz, sustatzen ari den uniformetzea» salatu dute 60tik gora galiziar, katalan eta euskal historialarik. «Historiaren ikuspegi elitista batek ezabatu egiten du gure iraganetik langileen, errepublikazaleen edo herritarren testigantza oro», adierazi dute. Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko kulturen eta hizkuntzen alde eta haiek normalizatzearen alde egingo dutela jakinarazi dute.

Sei puntuko manifestua aurkeztu zuten atzo, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) eginiko agerraldian, baina hilabeteak daramatzate elkartzen. Aurrerantzean bestelako ekimenak egiteko asmoa ere agertu dute, oraingoz manifestua besterik aurkeztu ez duten arren.

Orain 85 urte, Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak beren izatearen aldarrian «sendo ziharduten hiru errealitate indartsu ziren», agiriak dioenez. «Nazio kontzientziaren handitzeak ekarri zuen hiru herriok, autodeterminatzeko asmoz, hazi eta garatzea, 1936ko kolpe militar atzerakoia gertatu arte». Agiria sinatu dutenek konpromisoa adierazi dute 36ko gerrak eten zituen asmo haiekin, eta hiru herrialdeen historiak elkarri ezagutaraztea beharrezko jo dute, «arazo berei konponbideak aurkitzeko».

Hiru herrialdeotako «sinbologia faxista eta faxistazaleen edozein aztarna, apurrena izanagatik ere», ezabatzeko asmoa agertu dute sinatzaileek. Aldi berean, demokrazia parte-hartzailearen eta oroimen historiko demokratikoa berreskuratzearen alde azaldu dira. Galizierazko, katalanezko eta euskarazko irakaskuntzarentzako errespetua eskatu dute historialariek. Historiak irakaskuntzan leku garrantzitsua du, manifestuaren sinatzaileen iritziz, «orainaldia azaltzeko eta etorkizunerako bidea zuzen asmatzeko». Horregatik, historiako ikasketa orduak murrizteko ahalegina kritikatu dute.

Izen garrantzitsu denak

Enric Pujol manifestuaren bultzatzaile eta historialariak ekimen horren garrantzia nabarmendu du: «Denbora asko da historialariek ez genuela jendaurrean jarrera bat hartzen». Pujolek azaldu du ekimena Galizian abiatu zela, «historialarien Galeusca bat sortzeko asmoz». Hala abiatu da 1923ko Hiruko Hitzarmenaren edo 1933ko Galeuzcaren «izpiritua berreskuratu» nahi duen egitasmoa. Agiria oraindik zabaltzen ari direla eta, atzoko aurkezpenaren ostean atxikimendu gehiago jaso dituztela jakinarazi du Pujolek: «Historiografia katalanean garrantzitsuenak diren izenak daude agiria sinatu dutenen artean». Izan ere, azken aldian zabaltzen ari den «historiaren distortsioak» historialarien artean «haserre handia sortu du», Pujolen ustez.

Historiaren profesionalei deia egin diete sinatzaileek, iraganaren ezagutzan sakontzeko eta, «hiru herrion normalkuntzaren alde», gizartean eragiteko. Horrekin batera, «beren lana zintzotasunik zuhurrenaz egiten dutelako, hainbat historialarik pairatzen duten jazarpena» gaitzetsi dute sinatzaileek.

60tik gora atxikimendu bildu ditu 'historialarien Galeuscak'

Gehienbat historialari katalanen artean zabaldu da agiria orain arte, baina hainbat euskal herritar dago agiria sinatu duten 60tik gora lagunen artean. Baleren Bakaikoa, Jose Manuel Castells, Josu Chueca, Xose Estevez, Jose Mari Lorenzo, Jon Gurutz Olaskoaga, Jose Luis Orella Unzue, Francisco Letamendia eta Virginia Tamayo historialari eta irakasleek sinatu dute, esaterako. Agiriak onarpen zabala izan du unibertsitate gehienetako irakasleen artean. Unibertsitate hauetakoak atxiki zaizkio manifestuari: Galiziatik, Santiagoko eta Coruñakoak; Herrialde Katalanetatik, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko, Pompeu Fabrako, Bartzelonako Unibertsitateko, Valentziako eta Rovira i Virgilikoak; eta EHUko eta Deustukoak.

(Berria. 08 / 09 / 10)