domingo, septiembre 07, 2008

NON OTE DAUDE AHOTS ISILDUAK?


Hirurogeita hamar urtek askorako eman lezakete, seguruenik, uste baino gehiagorako. Baina urteak iraganik ere, zaila da norberaren bizitzaren zati bat oroimenetik ezabatzea, oroitzapen hori mingarria izanik ere. Batik bat, zaila delako Francoren diktadurapean hildako eta desagertutako senitartekoak dituzten familiek, iragana haien oroimenetik ezabatzea, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

90.000 gizon-emakume inguru dira frankismoaren itzaletan desagerrarazi eta, gaur egunean, desagerturik dirautenak. Baina badago bestelako istoriorik ere, Euskal Herriaren historia eta haren protagonista izandakoak, beraien familien oroimenera itzuli direlako berriz. Istorio horietatik lau baino ez dira Emiliano Vian, Ramon Garcia, Jesus Basauri eta Agustin Rasinesenak.

13 kilometrora Emiliano Vian

«Nire amonak beti esaten zigun ez genezala izenik inoiz eman, ez gintezela sekula ezertan sartu, bere gizona horregatik hil zutelako. Aguazilak sindikatuko fitxategira joan eta bertan aurkitu zituzten izen-deitura guztiak, eta hori jakinik, berehala atzeman zituzten».

Larruak lantzeko lantegi batetan egiten zuen lan Emiliano Vianek, Paredes de Navas (Palentzia, Espainia) herrian, bere herrian. Beste hamalau lagunekin batera UGT sindikatua sortu zuen. «Hori izan zen nire aitona erailtzeko arrazoi bakarra», dio Belen Larrea Vianek, Emiliano Vianen ilobak.

Uztailaren 18an hasi zen 1936ko gerra, eta abuztu amaieran atxilotu zuten Vian aguazilek. Ondoren, udaletxeko ziegan sartu zituzten bera eta beste hamalau kide. «Hasiera batean nire amona bisitan joaten zitzaion, batez ere, arropa garbia eta janaria eramateko, baina bisitaldietako batean nire aitona ez zegoen ziegan dagoeneko». Irailaren 3an kamioi batetan sartu eta herritik 13 kilometrora eraman zituzten atxilotuak, denak fusilatu eta arroila batean botata utzi.

«Nire amonak bazekien ondoko herrian zeudela lurperaturik, baina toki zehatza zein zen jakitea falta zitzaion». Baina, berandu bada ere, urteek argitu dute gorpu haiek guztiak non dauden lurperatuta. Gertakari haien lekuko izandako gizon baten testigantzari esker, Belen Larreak badaki bere aitona non dagoen. Errespetua da senideek orain haien arbasoentzako nahi dutena. «Herri haietan gertatutakoa gaur egungo gizarteari azaltzea baino ez dugu eskatzen, ez dadin gertatutakoa inoiz ahaztu».

Turtzioztik Ciriegora Ramon Garcia

Iñaki Garcia Llanori Ramon Garcia Olabarrieta osaba hil zioten. Garcia Olabarrieta Turtziozko (Bizkaia) zinegotzi sozialista zen, baita UGTko kide ere. «Hori izan zen haren desagertzearen arrazoia», ilobaren ustetan.

Garciaren desagertzeaz bertsio bi daudela dio bere ilobak. «Hasiera batean, gudan zegoela Asturias (Espainia) arte atzeratu, eta hainbat herritarrekin batera bere burua itsasora bota zuela esan ziguten». Bigarren bertsioaren arabera, berriz, espetxean zegoela fusilatu zuten. «Nire osabarekin kartzelan egondako ezagun batek eman zidan bertsio horren berri», azaldu du Iñaki Garciak, eta egindako ikerketek bigarren bertsioa indartzen dutela dio: «Artxibategi desberdinetan begiratu ondoren, Coruñako (Galizia) 4. Auzitegi Militarrean nire osabaren nondik norakoak dakartzan agiri bat aurkitu genuen: Turtziozen atzeman, Santanderren (Kantabria, Espainia) espetxeratu, epaiketa batetan hiltzera zigortu, eta niretzat garrantzitsuena dena, Santanderko Ciriego hilerrian lurperatu zutela azaltzen du agiriak».

Eraztuneko aurpegia Jesus Basauri

Eraztun baten barruan dagoen argazkia da Jesus Basauri Atxutegi berangoztarraren testigantza bakarra. Ez agiririk, ez dokumenturik, ez datarik, ez lekurik.

EAJk Solluben (Bizkaia) zuen batailoiko gudaria zen Basauri, eta baimena lortzen zuen aldiro etxera jaisten zen, italiarrak Sollube eta Bermeo (Bizkaia) aldean sartu, eta etxetik agertzeari utzi zion arte. Arrebek, nebaren berririk gabe hainbat aste igaro ondoren, hiltzat jo zuten. Baina, desagertu eta hilabete bira, arreba biak udaletxe atarian zeudela, tropa italiarren artean ikusi zuten, atxiloturik, neba.

Hura izan zen familiak Jesus Basauriren zuzeneko berri izan zuen azken aldia. Aurrerantzean informazio ugari jaso zuten senideek, gaur arte baino egiaztatu ez den hamaika datu. Azkeneko berrien arabera, Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekura eraman zuten Basauri, Iruñera. Hala ere, sekula ez da aurkitu informazio hori egiaztatzen duen dokumenturik.

Bizirik edo hilik egongo den zalantzak sortzen duen minarekin bizi da familia ordutik hona.

Santoñako traizioa Agustin Rasines

«Nik lau urte nituen nire aita, Agustin Rasines Aranda, gudan sartu zenean. Miliziano sozialista zen aita. Baina gudan preso hartu eta Santanderko Salesianoen espetxera eraman zuten». Santoñan (Kantabria, Espainia) atxilotu zuten Juan Rasinesen aita. «Santoñako traizioan, EAJk italiarrekin hitzarmen bat adostu eta bereak ez ziren batailoi denak saldu zituen», dio Rasinesek, asaldaturik.

Bizi berri bati egin zioten aurre une hartatik aurrera lau urteko ume hark eta haurdun zegoen bere amak: «Ondasunik gabe geratu ginen; etxea konfiskatu ziguten eta ez genuen gure herrira itzultzeko inongo aukerarik, han gure zain baitzeuden».

Juan Rasinesek 70 urte behar izan ditu amaiera mingotsa duen istorio hura osatzeko. 70 urte igaro dira Santanderko Ciriego hilerrian lurperatuta dagoen bere aitari inoiz eman bako agurra emateko.

"UGT sindikatuko kide izatea izan zen nire aitona erailtzeko arrazoi bakarra»
Belen Larrea Vian , Emiliano Vianen iloba

«Osaba Santanderko Ciriego hilerrian dagoela jakitea da niretzako garrantzitsuena»
Iñaki Garcia LLano, Ramon Garciaren iloba

«EAJk italiarrekin hitzarmen bat adostu eta bereak ez ziren batailoi denak saldu zituen»
Juan Rasines Gabarron , Agustin Rasinesen semea

(Berria. 08 / 09 / 7)