miércoles, septiembre 17, 2008

ESPETXE ZIGORRA ESKATU DUTE 2006KO MARTXOAREN 3AN ATXILOTUTAKO LAGUNENTZAT

Bi urte eta erdi igaro ostean, fiskalak 18 eta 30 hilabete bitarteko espetxe zigorrak eskatu ditu 2006ko martxoaren 3ko istiluetan atxilotutako hiru lagunentzat. Ertzaintzak eginiko akusazioak oinarri hartuta, isuna eta kargu publikoak betetzeko gaitasunik gabe uzteko ere eskatu du. Oraindik epaiketaren eguna ez dago ezarrita, baina abokatuek adierazi dute gutxi barru izango dela.

Urtero legez, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak manifestazioa antolatu zuen, 1976an Gasteizko istiluetan hildakoak eta zauritutakoak gogoratu eta gertatutakoa argitzeko. 30. urteurrena zen, baina Ertzaintza manifestarien kontra oldartu eta hiru pertsona atxilotu zituzten. Horietako bi, Josu Ormaetxea eta Andoni Txasko, M-3ko biktimak eta elkarteko kideak dira; besteak, Aitor Fernandez de Ortegak, manifestazioan parte hartu zuen.

Ertzaintzak manifestazio buruan zeramaten ikurrina erabili zuen manifestarien kontra jotzeko aitzakia moduan. Ikurrinak xingola beltza zuen, eta alde banatan Roberto Saiz euskal presoaren argazkia, egun hartan bertan hil baitzen, eta Igor Angulorena, hiru egun lehenago zendu baitzen, zeramatzaten. «Elkarteak, era horretan, hildakoen senideei dolumina erakutsi nahi zion», adierazi zuten atzo elkarteko kideek.

Atxilotuen alde

Andoni Txasko eta Josu Ormaetxeari «terrorismoa goratzea» egotzi zien Ertzaintzak. Fernandez de Ortegari, berriz, eraso eta desordena publikoa eragitea. Ertzaintzak Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuen auzia, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen «terrorismo» deliturik ikusi eta auzia artxibatu egin zuen. EAEko Herrizaingo Sailak, ordea, garai batean egindako akusazioei eutsi eta kasua Gasteizko 1. Instrukzio Epaitegira iritsi zen. Santiago Diaz de Espada M-3ko Biktimen Elkarteko kideak adierazi duenez, «Ertzaintzak eta Herrizaingo Sailak akusazioak erretiratu behar zituzten bere garaian».

Orain, baina, epaiketa hurbil ikusten dute, eta M-3ko Biktimen Elkarteak informazio kanpaina bat antolatuko du politika arloan. Arartekoari, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari, Arabako diputatu nagusiari eta sindikatuei zuzendutako salaketa txostena izango da. «Gizartearentzako manifestu bat» ere egin dute, Andoni Txaskok azaldu zuenez, «herritarren laguntza jasotzeko helburuarekin».

M-3ko Biktimen Elkarteak «penagarritzat» jo du Jaurlaritzak eginiko kudeaketa. «Urte askoan eginiko ahaleginengatik zoriontzen gaituzte, Arabako domina eman, baina akusazio gogorrak ere egiten dituzte eta pertsonei kalte egiten diete». Atxilotuen eskubideak bermatu arte etengabe borrokan jarraituko duela esan du elkarteak.

"Gizartearentzako manifestu bat egin dugu, laguntza gehiago jasotzeko helburuarekin»
Andoni Txasko , M-3ko Elkarteko bozeramailea

(Berria. 08 / 09 / 17)