"Irailak agur egin zien herri guztia dolu / haien askatasun ametsa ezin fusilatu...». Horixe esaten du Hego Amerikako Contracanto taldearen kanta eder hark, hitzetan bildurik min eta amorru guztia, baina baita borrokarekiko eta askatasunaren etorkizunarekiko konfiantza ere, horiexek baitziren Euskal Herriko eta Espainiako estatu guztiko hainbat sektoreren sentimenduak, erregimen frankistak 1975eko irailaren 27an egindako azken fusilamenduak zirela eta -erregimenak egindako azken fusilamenduak izan ziren, baina ez azken hilketak-.
Egun hartan, egunak argitu baino lehen eraman zituzten Ramon Garcia Sanz, Humberto Baena eta Xose Lois Sanchez Bravo, denak ere Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Abertzaleko kideak (FRAP), Carabanchelgo kartzelatik Hoyo del Manzanaresko zelai militarrera. Goizeko bederatziak eta hogeian fusilatu zituzten, eta hantxe lurperatu zituzten, familiakoei ezer esan gabe. Zortzi eta erdietan, Anjel Otaegi hil zuten, Burgosen, eta bederatziak hogeita bost gutxitan, Jon Paredes Manot, Txiki, Cerdanyolan; biak ETAko kideak ziren.
Hogeita hemeretzi urte lehenago, irailak 3 zituela, hamalau gizon atera zituzten Paredes de Navako udal egoitzetatik (Palentzia); han itxi eta torturatu baitzituzten, hain zuzen ere, uztailaren 18an kolpe militarra jo zutenek. Aldameneko herri batera eraman zituzten hamalau gizonok, Frechillara; San Migelen ermitan hil zituzten, eta hobi komun batean lurperatu. Haietako bat Emiliano Vian zen, UGTko kidea eta, besteak beste, langileek igandean jai egitearen aldeko borrokalari nekaezina.
2008ko irailean 72 urte bete dira Emiliano Vian eta haren kideak «legez kanpo» hil zituztela, eta 33 urte Txiki eta besteak «legez» hil zituztela, denak ere erregimen frankistaren biktima. Era berean, irailean, familiakoek eta frankismoaren biktimok omenaldia egiten diegu Emiliano Viani eta harekin batean hildakoei, Frechillan bertan. Halaxe egin dugu azken lau urteetan, eta aurten ere Franco Jeneralaren plazatik abiatu beharko dugu, izen horixe baitu plazako herriak; belarra eta sasia kendu beharko dugu hobitik, Udalak ez baitu kentzen; berriz ere haritza landatu beharko dugu, iaz landaturikoa erauzi egin baitzuten; berriz ere ikusi beharko dugu hobi horrek, «oroimenerako tokia» izanik, ez duela ez oroigarririk eta ez ezer, han daudenak zein diren eta nork hil zituen esaten duen ezertxo ere ez, Udalak ez baitu baimenik ematen; aldiz, ikusi beharko dugu Udalak askaltegi bat jarri duela ia hobiaren gainean... Azken batean, ikusi beharko dugu Udalak -PPren esku, jakina-, frankismoaren oinordeko ideologiko eta politikoa izanik, hau da, haren balioen oinordeko eta aldi berean demokrata izanik noski, kaka egiten diela oraindik ere gutar hilei burutik behera.
2008ko irail honetan, gainera, ikasturtea hasi berritan, ikusi dugu ezen errebisionismo historikoa, zeina poliki-poliki erregimen haren egia eta muina leundu nahi baitu, ez dela Pio Moa eta gisakoen kontua bakarrik, baizik eta eskola liburuetan ere ageri dela, frankismoaren apologia egiten baitute modu inplizituan, eta faxisten kontrako borrokalariak terrorista bihurtzen baitira. Hala, batxilergoko bigarren mailako liburu batzuetan, izen oneko argitaletxe batzuen liburuetan, honelakoak ageri dira: «1973ko maiatzaren 1ean, beste erakunde terrorista bat, Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Abertzalea (FRAP)...». Izan ere, gazteen aurrean ezkutatu egin nahi dute haiek guztiak borrokalariak zirela eta uztailaren 18ko kolpearen ondotik eta gerra zibilean aurre egin ziotela faxismoari, armak eskuan, eta gerra galdu eta gero ere erregimen frankistari gogor egin ziotela, hura modu formalean bukatu zen arte. Ezkutatu eta itxuragabetu nahi hori, gainera, bat dator erabat Rouco Varela kardinalak «memoria historikoaren baliorik ezari» buruz esandakoarekin, «gazteak iraganeko gatazkekin ez kutsatzeko» premiari buruz esandakoarekin eta «Gurutzadako martirien» beatifikazioari buruz esandakoarekin...
Horiek dira kontrapuntuak, horiek dira memoria historikoak irailean iraganaz, orainaz eta geroaz ekartzen dizkigun arrastoak, 1975ean eta lehenago ere fusilatuen odolez markatuak, denak ere elkarri lotuak. Horrek guztiak gogoeta eginarazten digu irail honetan, oraintxe aztertzen ari baitira Francoren eta haren erregimen faxistaren kontra borrokatu ziren askoren omenez jarritako oroigarriak kentzea, nahiz eta oraindik ez dituzten kendu Francoren eta hark gidatutako «gurutzada nazionalaren» omenezkoak. Ia 150.000 lagun desagertuen zerrenda jaso dute, eta preparatzen ari dira eztabaidatzeko ea genozidio baten parte diren haiek eta hildako eta errepresaliatutako beste milaka batzuk, edo banakako hilketak etengabe errepikatuak, beharbada...
Irail honetan, horrek guztiak eta beste zenbait gorabeherak agerian jarri dute zein ahula den bizi garen demokrazia. Horrekin batean, Euskal Herrian gatazka bat dugu oraindik ere, alde askotatik, ezin konta ahaleko mina eta hondamena, tirabirak eta heriotzak ekartzen dituena, gertatu behar ez luketen eta saihestu daitezkeen heriotzak, eta gatazka horrek zerikusi handia du zenbait jokabide ideologiko eta politiko sakonekin; hain zuzen, jokabide horiexengatik segitzen dute lehengo tokian uztailaren 18ko kolpea eman zutenen eta diktadurari eutsi ziotenen aldeko oroigarriek, eta horrek asko esan nahi du demokraziaren beraren kalitateaz.
Orain dela 70 eta gehiago urte, irailak agur egin zien Emiliano Viani eta haren kideei hil zituztenean, legez kanpo fusilatu zituztenean. Beste irail batean, ia 40 urte geroago, agur egin zien Txikiri, Otaegiri eta FRAPeko hiru kideei fusilatu zituztenean, legez akabatu zituztenean. Hiltzeko bezperan idatzitako gutun batean, hauxe adierazi zuen Txikik: «Gaur gu gaude aulkian, baina bihar haiek izango dira, hau da, Franco eta haren koadrila guztia, eta zuek egingo diguzue justizia; ez ahaztu, nire kideek eta nik ezingo baitugu egin. Konfiantza dugu zuengan».
Beste irail batzuk ziren. Baina egiaz betiko irail bera da.
(Berria. 08 / 09 / 30)