viernes, septiembre 26, 2008

AUZITEGI ERREPUBLIKANOEN INFORMAZIOA ESKATU DU GARZONEK, IKERKETA HEDATUZ

Espainiako 1936ko Errepublikaren auzitegiek zeukaten informazioa eskatu berri du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak. Estatuko Administrazioaren Artxibategi Nagusiko zuzendariak jakinarazi du Garzonek ikerketa abiatzeko abuztuaren 28an eskatu zuen informazioa bederatzi instituzioren dokumentu funtsetan aurkitzen dela. Horrenbestez, 1936ko gerra garaian desagertu edo gerraren ondorioz hil ziren lagunei buruzko ikerketa hedatzea erabaki du Garzon epaileak.

Argitaratu duen probidentziarekin, «gerra zibilean Espainiako hiriburuaren defentsan sortu ziren auzitegiek (Urgentziako epaimahaiak, Altxamendu Militarraren Auzitegi Bereziak, Espioitza eta Traizio Goreneko Auzitegi Bereziak eta auzitegi edo epaitegi popularrek)» desagertuei buruz duten informazioa bildu nahi du Garzonek. Horrez gain, Gerran Desagertuen Erregistro Zibileko datuak bidaltzeko agindu dio Garzonek Madrilgo Lehen Auzialdiko 2. epaitegiari. Madrilgo Auzitegi Nagusiko presidenteari ere eskatu dizkio txostenak, gerra garaian hildako eta desagerturikoei buruz, eta baita hilda aurkituriko gorpuei buruz ere.

Beste hainbat erakunde eta dokumentu funtsi ere eskatu dizkie txostenak Garzonek: Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari hildako edo desagertuei buruz galdetu dio, Gizarte Laguntzen dokumentu funtsari umezurtzen gurasoei buruz, Mexikoko Espainiaren enbaxadari erbesteratuei buruz eta administrazio nagusiari funtzionarioei buruz.

Erorien Haranean lurperatuta daudenei buruzko datu bilketa ere zorroztu du epaileak. 1958 eta 1968. urteetan bertara eraman eta lurperatu zituztenei buruzko txostena eskatu dio Administrazioaren Artxibategi Nagusiari. Madrilgo Gobernu Zibilari ere agindu dio, Madrilgo hilerrietatik Erorien Haranera eramandako gorpuei buruzko txostena. Eskaera gehiago zehaztu dizkio Garzonen Artxibategi Nagusiari, sindikatuetako kideei buruz eta Ordena Publikoko Auzitegiak izan zuen informazioari buruz, esaterako.

Datorren astean erabakiko du

Auzitegian salaketak ipini dituzten biktimen senideek eta memoria historikoa berreskuratzearen aldeko taldeek 143.353 laguni buruzko informazioa aurkeztu zioten, astelehenean, Garzon epaileari. Jasotako datuak aztertu ostean, astebete eman die senide eta taldeei, aurkeztu dituzten izen-deitura guztiekin «zerrenda bakar bat» egin dezaten. Auzitegira jende «askok» bidali ditu desagertuei buruzko datuak, probidentziak dioenez. Gainera, nortasun batzuk errepikatuak egon daitezkeela uste du epaileak. Datorren astean, zerrenda berria jaso ostean, kasu horiek ikertzeko eskuduntzarik duen erabakiko du Garzonek. Izan ere, senideek eta taldeek 2006ko abendua eta 2007ko ekaina artean aurkeztu zituzten salaketak onartu gabe daude oraindik.

Abuztuaren 28an hasi zituen dilijentzietan Granadako, Kordobako, Sevillako eta Madrilgo (Espainia) udalei eta Espainiako Elizaren estamentu zenbaiti ere eskatu zizkien txostenak Garzon epaileak. Udalak eta administrazio gehienak laguntzeko prest agertu dira. Hala, Galiziako Xuntak, Kataluniako Generalitateak eta Eusko Jaurlaritzak prestaturiko txostenak ere iritsi zaizkio epaileari.

Elizari «laguntza» eske

Espainiako Gotzainen Batzarrak eskakizunari erantzuteko eskumenik ez duela erantzun dio Baltasar Garzoni. Epaileak berriz ere eskakizuna egin die Gotzainen Batzarrari. Probidentziak, «justiziarekin laguntzeko bidean», gotzainei eskatu die, dagokionari datuak eman ditzan agintzeko. Erorien Haraneko Santa Cruz abadiako abadeak ere zailtasunak izango dituela erantzun dio epaileari. Eskaturiko datuak ahalik eta azkarren bidaltzeko agindu dio epaileak.

Segoviako eta Avilako Artxibategi Nagusien arduradunei eta Guadalajarako Artxibategi militarreko arduradunei ere galdegin die informazioa Garzonek, eta baita auzitegi militar zentralaren presidenteari ere. Gerran hil, desagertu edo zauritu ziren edo desertatu zuten lagunei buruzko informazioa eskatu die.
(Berria. 08 / 09 / 26)