domingo, septiembre 14, 2008

«OMENALDIRIK ONENA JUSTIZIA DA»

«Ez itxaropenik galdu, laztana, lasai eta trankil hilko naiz...Egunsentian fusilatuko naute». Horrela agurtu zuen eskutitz baten bidez emaztea Imanol Asarta donostiarrak. Lisboan (Portugal) atxilotu ondoren, Madrilera eraman eta 1942ko urtarrilaren 21ean fusilatu zuten. Bezperan idatzi zuen eskutitza.

Iñaki Egaña historialariak irakurri zuen gutuna, fusilatuen errealitatea irudikatzearren, Francoren tropek fusilatutako donostiarrei Alderdi Ederren atzo eguerdian eginiko omenaldian. Ikurrina, CNTko bandera, komunistena, EAE-ANVrena eta Espainiako Errepublikakoa astindu zituzten ekitaldian bildutakoek udaletxe aurrean.

Gotzon Etxarri antolatzaileak hartu zuen hitza eta fusilatutakoei egin ahal zaien «omenaldi onena justizia» dela adierazi. Donostiako Udalak fusilatuen inguruan ez duela ezertxo ere egiten iritzi zion. «Lotsagabekerian erori da Donostiako Udala: bere burua garbitzeko, Grosen plaka txiki bat jarri zigun».

Iñaki Egaña historialariak hartu zuen hitza jarraian, 1936ko gerran eta ondorengo urteetan eginiko fusilatzeak azaltzeko. Atzoko eguna tropa frankistak Donostian sartu zireneko urteurrena zela gogoratu zuen. Baita jendea txalupetan hiritik irteten ibili zela ere. 1936 eta 1942 urteen artean 380 donostiar fusilatu zituzten, orain arteko datuen arabera. Baina 1975ean Franco hil arteko urteetan ere izan zen hildakorik, tartean donostiarrak. Hala, «400 edo 450 dira frankismoak hildako donostiarrak», Egañaren hitzetan. Historialariak ere ez zuen hitz xamurrik izan Udalarekiko. «Donostiako Udalak alfonbra azpian utzi ditu urte horietan guztietan hildako denak».
Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Martxelo Alvarez ere mintzatu zen atzoko ekitaldian. Hainbat udaletan Francok ohorezko alkate izaten jarraitzen duela gogoratu zuen, eta PPk hori onartzen duela salatu. Hala, mozio etiko deiturikoek izaniko oihartzuna ikusita, PPri halakorik ez exijitzea ez duela ulertzen esan zuen. Bukatzeko, «beldurragatik euren sufrimendua azaldu ez dutenak» hartara animatu zituen.

Fusilatuei loreak

Juan Mari Irigoien idazleak olerkia irakurri zuen fusilatutako donostiar guztien omenez. Ondoren, fusilatutako 380 donostiarren izenak idatziak zituzten panel batzuetan lore eskaintza egin zieten hildakoen senideek, zehar flauta baten doinuez lagunduta. Ohorezko aurreskua ere eskaini zieten fusilatutakoei, eta Gaztelumendi anaiek bina bertso bota zizkieten.

Ekitaldiari amaiera emateko, Internazionala eta Eusko Gudariak abestu zituzten ekitaldian bildutakoek.
Donostiako Udalak alfonbra azpian utzi ditu urte horietan guztietan hildako denak»
Iñaki Egaña,Historialaria

«Beldurragatik euren sufrimendua azaldu ez dutenak hori egitera animatu nahi ditugu»
Martxelo Alvarez, Ahaztuak 1936-77 elkarteko kidea

«Lotsagabekerian erori da Udala: bere burua garbitzeko, Grosen plaka txiki bat jarri zigun»
Gotzon Etxarri, omenaldiaren antolatzailea

(Berria. 08 / 09 / 14)