viernes, noviembre 02, 2007

Memoriaren Legeak frankismoko esklaboak ahaztu dituela salatu du Memoriaren Bideak-ek

Espainiako Memoria Historikoaren Legeak Francoren esklaboak, bortxazko lanak egitera behartutakoak, ahaztu egin ditu. Aipatu aipatzen ditu, baina ez ditu aintzat hartzen. Hala salatu du Nafarroako Memoriaren Bideak elkarteak. Baita legeak «onartezinak» diren hainbat gabezia dituela ere.
1936ko gerrako eta frankismoko biktimen eta biktimen senideen hainbat elkartek salatu duten moduan, Memoriaren Bideak-ek ere garai hartako sententziak ez baliogabetzea kritikatu du: «Bidegabeak izan zirela esaten da, baina ez ditu baliogabe uzten bidegabekerian oinarritutako sententziak. Ez al da nahiko bidegabekeria hori, gobernu demokratiko baten aurkako estatu kolpe faxista baten ondorio izatea, baliogabe uzteko?». Espainiako Memoria Historikoaren Legeak ez du garai hartako gertakariez erantzukizunik eskatzen, baina Memoriaren Bideak elkarteak uste du erantzukizun politikoak edo judizialak eskatu behar zaizkiela giza eskubideak urratu zituztenei. Baita bortxazko lanak egin zituztenez baliatu ziren enpresa publikoei eta pribatuei ere. Enpresa horiek kalte-ordainetan ere parte hartu behar dutela uste du. Enpresa horietako batzuk desagertu ziren, «baina beste batzuek oraindik ere jarraitzen duten lanean, eta gerraosteko urte ilunetan hazi egin ziren, giltzapeturiko langileen lanari esker». Zenbait enpresa aipatu ditu: Dragados y Construcciones, Banus, Huarte eta Renfe. Eliza ere aipatu du. Memoriaren Bideak-en esanetan, Alemanian enpresa pribatuek eta Elizak nazismo garaiko kalte-ordainetan parte hartu behar izan dute, legeak aginduta.

Legeak kalte-ordainak aurreikusten ditu espetxean edo Diziplina Batailoietan lanean aritu zirenentzako. Kalte-ordainak jaso ahal izateko, gutxienez hiru urtean egon behar izan zuten espetxean edo bortxazko lanetan. Memoriaren Bideak-ek nabarmendu du frankismoaren esklaboak izan ziren milaka gizon eta emakume geratuko direla kalte-ordainik eta errekonozimendu publikorik gabe, hiru urte baino gutxiago egin zituztelako bortxazko lanean.

EAE-ANV-K EAJ KRITIKATU DU BATEZ ERE
EAE-ANVk, berriz, uste du Espainiako Memoria Historikoaren Legeak berretsi egiten duela trantsizio garaiko «faxismoaren krimenekiko inpunitatea». Eta ez diela babesik eskaintzen frankismoaren biktimei. Legea kritikatzeaz gain, EAE-ANVk kritikatu egin du EAJk, EAk eta NaBaik legea onartzeko prozeduran izan duten jarrera. «Epela eta guztiz konformista izan da. Beren jarrera salagarriarekin biktimei trufa egin diete».

EAE-ANVk EAJren jarrera salatu du bereziki: «Trantsizioan egin zuen bezala, utzikeria osoz jokatu du eta oroimen historikoa saldu du. Jelkideek ez dute nahi Eliza Katolikoak, Nazional Katolizismoaren Elizak, frankismoaren aldeko ikur eta oroigarriak legez kendu behar izatea».

«Enpresa batzuk hazi egin ziren, gerraosteko urte ilunetan giltzapeturiko langileen lanari esker»
Memoriaren Bideak

«Trantsizioan egin zuen bezala, EAJk utzikeria osoz jokatu du eta oroimen historikoa saldu du»
EAE-ANV

(Berria.2007-11-02)