sábado, abril 28, 2012

GERNIKA GEHIAGORIK EZ!!. Julen Zulaika, Askapenako kidearen idazkia


Ehunka hildako, milaka zauritu, urteetako izua, gezurra eta errepresioa sorrarazi, Gernikako eraso inperialistaren 75. urteurrena izan zen ostegunean. Altxamendu faxista espainiarrarekin batera, bat egin zuten Alemaniako nazi eta italiar faxistek. Hain zuzen, bonbardaketa egunean bertan parte hartu zuten Kondor Legioko nazi alemaniarrek eta Aviazione Legionarioko italiar faxistek. Inperialismoak bere interesen defentsan bat egin zuen duela 75 urte, elkarrekin borrokatu ziren interes berberak zituztelako orduan ere, gaur egun ere bat egiten duten bezalatsu. Izan gisa honetako eraso militar bat burutzerakoan, izan Grezian bezala herriak hautaturiko gobernu bat kargutik kendu eta diktadura ekonomiko bidez agintari berri bat jartzerakoan, edo izan azken asteetan ikusi dugun bezala, Repsol-YPF auzian, enpresa pribatu baten aldeko defentsa lotsagabeki egiterakoan, transnazionalen eta merkatuaren titere baino ez diren mendebaldeko gobernuburuak Bruselan elkar hartuz.

Gernika, baina, mundu mailako ikur bilakatu da eta orduko eraildako, kaltetu eta haien senitartekoak gogoan izanik, gure oroimen kolektiboan ditugu egunotan, munduko herri borrokalariak, munduko herri zapalduak. Hala, Gazako kale txikituak datozkigu burura Gernikako orduko irudiak, etxe birrinduak ikustearekin, edo Laboaren kantuak gogorarazten digun hura, «qué barbaridad Bagdad» oihukatzean, Allenderen azken irudiak La Monedako bonba hotsak entzutearekin batera... Baina haiekiko elkartasuna adieraztearekin, haiekiko harrotasuna ere badatorkigu, gure eskubideen defentsan eta faxismoaren aurkako borrokan dena eman zuten emakume eta gizon haien duintasuna eta adorea, alegia. Pasa den asteartean, harrokeriaz gogorarazi zigun arren armada espainiarrak, Elgetako maniobra militarretan, faxistek herria hartu zuteneko urteurrunean, guda nork irabazi zuen eta oraindik nork jarraitzen duen garaile azpimarratuz.

Euskal gudari haiekin batera ordea, mundu osotik etorritako brigada internazionalak ere gurean izan ziren. Haiek ere bat egin zuten, kasu honetan baina, herri honen eskubide eta askatasun gosearekin. Gernikatik milaka kilometrora jaiotako gazte internazionalista haiek azken muturreraino eraman zuten beren egitekoa, Zallan zauritu eta gutxira hil zen Nino Nanneti italiarrak bezala, Loiolako kuarteleko borroketan, Irun edo Donostian aritu zen Felipe Matarranz asturiarrak edo Bilboko kaleetara 17 urte zituela guda hasi berritan etorri zen Fritz Teppich alemaniarrak bezala, besteak beste. Hauek eta eurekin batera etorritako eta eroritako guztiak gogoan izan nahi genituzke Gernikan, datorren igandean, Ahaztuak eta Askapenak elkarrekin antolaturiko egunean.
Harro gaudelako eurek egin zutenaz!

Faxismoaren aurka: atzo, gaur eta beti! Eraso inperialistarik ez Gernikan ez inon!

(Gara. 2012 / 03 / 28)