Botila erdi hutsik ala erdi beterik? Igande Odoltsuaren ikerketaren emaitza argitaratu ondoren Ballymurphyko senideek euren kanpaina indartu dute, eta nazioarteko ikerketa independente bat egin arte ez direla isilduko ziurtatu dute. Gaur bertan, Igande Odoltsuko senideekin batera egia aldarrikatuko dute, Derryn.
Erresuma Batuko soldaduek auzirik gabeko kartzelatzeak egiten hasi zirenenean gertatu zen Ballymurphyko sarraskia, Igande Odoltsua baino sei hilabete lehenago; 1971ko abuztuaren 9an, 10ean eta 11n, paraxutistek hamar gizon eta emakume bat hil zituzten. Dozenaka herritar ere atxilotu zituzten egun horietan komunitate nazionalistan. Ballymuprhyko inguruetara, esaterako, 600 soldadu baino gehiago bidali zituen armada britainiarrak.
Edonola ere, Ballymurphiko hilketak ez dira Derrykoak bezain ezagunak. Batetik, Belfasteko sarraskiak hiru egun iraun zuelako —horrek zailagoa egiten du ikerketa—, eta, bestetik, Derryn gertakizunak grabatu zituzten kamerak izan zirelako. Azken batean, armadak Irlanda iparraldeko gatazkan hartuko zuen rola agerian geratu zen bietan.
Ballymurphyn ere, justizia nahi dute. «Egia jakinaraztea da nahi dugun gauza bakarra. Mundu guztiak jakitea gure senideak errugabeak zirela». Hala esan du Briedge Voylek, Ballymurphyn hildako Joan Connollyren alabak. «Soldaduei norbaitek emanen zien agindua tiro egiteko, eta hori ere jakin nahi dugu. Egia».
«Hementxe hil zuten Frank»
Ballymurphykoa eta Derrykoa ez dira hilabete horietan Erresuma Batuko soldaduek egindako hilketa bakarrak. Biktima guztiak biltzea eta zenbatzea ia ezinezkotzat jotzen dute, baina horietako asko, Ballymurphykoak bezala, armarik gabeko herritarrak zirela eta bizkarrean jasotako tiroen ondorioz hil zituztela dokumentuen bidez frogatua dago.
Kasu guztiak elkartzea zaila izanik ere, Ballymurphyn sortu dute auzoan geratu zirenak ikertzeko batzordea.1998an hasi zuten bidea, Relative for Justice erakundeak sarraskiak argitzeko deitu zuen bilera batean. Senideetako askok aurretik elkar ezagutzen zuten, baina bilera horretan hitz egiten hasi ziren arte ez ziren ohartu euren familietako kideak modu berean hil zituztela. «Ikertzen hasi ziren heinean jabetu nintzen aita Ballymurphyko sarraskian hil zutela. Bizkarrean egin zioten tiro; nik hiru urte besterik ez nuen», azaldu du Patrick Dohertyk, Eddie Dohertyren semeak.
Familiek lan mardula egin dute; ehunka herritar elkarrizketatu dituzte. Lekuko asko dago, hilketa gehienak kalean egin baitzituzten, eta egunez. Hiru egun horietan gertatutakoaz zehaztasun guztiak dakizkite orain. Horrela kontatzen du Pat Quinnek Frank anaiaren hilketa: «1971ko abuztuaren 9ko zortzi eta erdiak ziren. Frank etxean zegoen, eta tiroak entzun zituen. Aita Hugh Mullan tirokatu zuten paraxutistek, eta bera laguntzera joan zen korrika, Springfield Parken zegoen soldadu batek garondoan tiro egin zionean».
Armadaren lekukoek kontraesanak egin zituztela ere deskubritu dute. «Nire ama hil zuen soldaduak hiru bertsio eman zituen», azaldu du Voylek. «Dokumentu ofizial guztiek diote Ballymurphyn hildako guztiek armak zituztela soinean, baina gezur biribila da», argitu du John Teggartek. Haren aita, Danny Teggart, Frank Quinn hil zuten tokitik metro gutxira hil zuten soldaduek.
(Berria. 2011 / 01 / 30)