jueves, enero 31, 2008

Erantzule politikoak argitzeko eskatu diote "Martxoaren 3"ko biktimek Legebiltzarrari


1976ko Martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien erantzule politikoak gizartearen aurrean zeintzuk diren argitzeko eskaera eraman du "Martxoak 3"ko Biktimen Elkarteak Eusko Legebiltzarrean sortutako batzorde berezira. Batzordeko kideek salatu dute inork ez duela argitu sarraski haren erantzuleak zeintzuk diren, nahiz eta 32 urte pasatu diren Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehundik gora zauritu zituenetik. Hori dela eta, Gasteizko gertakariak ikertzeko sortutako batzordeari galdegin diote 1976an agintaritza eta botere karguak zituztenen erantzukizun politikoak ezarriko dituen ebazpen bat egin dezan.

Gasteizko jazoerak sakonago ikertze aldera, Legebiltzarrean sortutako batzorde bereziaren lehen saioan egin dituzte eskakizunok biktimen elkartekoek. Orain dela 32 urte izandako sarraskiaren inguruan "Valentin de Foronda" Historia Institutuak egindako txostena ontzat jo arren, elkartekoek iritzi diote lan horrek ez duela zehazten gertatutakoaren erantzukizun politikoak. Besteak beste, Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak salatu du Manuel Fragak, garai hartan Gobernazioko ministroa zenak, kargu politiko batean jarraitzen duela eta ez duela azalpenik eman «izugarrikeria» harengatik. «Onartezina da oraindik jardunean egotea», adierazi du.

Nolanahi ere, elkarteko kideek ohartarazi dute ez dutela itxaropena galduko egunen batean gertakari haren arduradunak epaituen jarlekuetan ikusteko. «Justizia kontu bat da, eta senideek, lagunok eta gizarteak, oro har, lortzea espero dugu».

"Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea"ren ustez, gainera, Poliziaren oldarraldia aldez aurretik «ongi planifikatutako» ekintza bat izan zen, eta asmo argia zuen: «Sistema demokratiko baten alde borrokatzen ziren langileei eskarmentua ematea». Areago, elkarteko bozeramaileak azaldu du zalantzarik ez dutela garai hartako estatuko eta tokiko arduradun politiko eta polizial gorenen «onespena eta baimena» izan zuela Poliziaren jokabideak.

BIKTIMAK

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari galdegin diote Gasteizko gertakarietan estatuaren indarkeria jasan zuten pertsona guztiak -hil, zauritu edo kartzelatu zituztenak- biktimatzat har ditzan, eta Terrorismoaren Biktimenganako Elkartasunaren Legean jasotako kalte-ordain ekonomikoa jaso dezaten. Txaskoren ustetan, Espainiako Kongresuak onartutako Oroimen Historikoaren Legeak «trantsizioko» biktimak aintzat hartzen ez dituenez, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko ditu kontuan «askatasunak berreskuratzeko eta demokrazia ezartzeko borrokan estatuaren indarkeria jasan zuten pertsona haiek guztiak».

TALDEEN IRITZIA

1976ko Martxoaren 3ko gertaerak argitzen lagunduko duen ebazpena egitea begi onez ikusi dute EAJ, EA, EB, EAB eta PSEren legebiltzar taldeetako ordezkariek -PPko ordezkariak ez du parte hartu batzordean-. Nolanahi ere, PSEko legebiltzarkide Antonio Riveraren aburuz, «oso zaila» izango da zehaztea Poliziaren jokabidea aldez aurretik planifikatua izan zen ala bat-batean hartutako erabakia izan zen. PSEko legebiltzarkideak iritzi dio Espainiako Gobernuak «esku zabal» jokatu beharko lukeela martxoaren 3ko biktimak Oroimen Historikoaren Legean tokia izan dezaten.

Rafa Larreina EAko legebiltzarkidearen ustez, ezinbestekoa litzateke Poliziaren oldarraldiaren ondorioz kalte egindako pertsona guztien zerrenda osatua egitea, Jaurlaritzako Biktimen Elkartasunerako Legeak pertsona horiek guztiak biktimatzat har ditzan.

(Berria. 08 / 01 / 31)