miércoles, julio 02, 2014

BERANDUEGI HELDU DEN AGURRA

 

Erail zutenean aldean zeramatzan nortasun agiria, militar txartela eta agiri ofizialak. Hala ere, Cuadros herriko erregistro zibilean Benito Reola Hermosilla ez da hildakoen zerrendan.

1937ko azaroaren 1ean hil zituzten bera eta beste miliziano bat. Reolak tiro bat zuen buruan. 2013ko irailean aurkitu zituzten haren gorpuzkiak, 76 urtera. «Nire aitona desagertu zenean ikertzeko saiakera egin zuten, antza; baina frankistek berehala artxibatu zuten txostena», azaldu zuen Iñaki Tamayo Reolak domekan, Gernika-Lumoko Batzar Etxeean, Gernikako arbolaren azpian. «Bere emazteak ez du inoiz jakin senarrari zer gertatu zitzaion; inork ez zion azalpenik eman, ez frankismo garaian ezta ostean ere, ustezko demokrazian»; hil zutenean dokumentazioa aldean zeraman arren. 1990. urtean hil zen Benito Reolaren emaztea.

Frankismoak hildako eta desagertarazitako senideek, elkarte memorialistikoekin batera, egia, justizia eta aitorpena lortzeko ari dira lanean. «Egia esfortzu handiz eta ia laguntza ofizialik gabe ari gara lortzen; justizia ez dugu sekula lortuko, transizioaren gestoreek inpunitatea ezarri zutelako hiltzaileak babesteko; eta aitortza instituzionala izango dugu askatasun demokratikoa eta gizarte justua helburu izango luketen instituzioak lortzen ditugunean» –esan zuen Tamayok–, «hildakoek amesten zituzten instituzioak lortuta».

Justiziaren beharra


Zauriak estaltzeko oroimena ezinbestekoa dela esan zuen EH Bilduko Irune Sotok: «Milaka herritarrei lapurtu dietena berreskuratzeko ordua da». Hala, Sotok ere egia, justizia eta erreparazioa eskatu zuen; eta bide horretan oraindik dena egiteke dagoela esan zuen. «Frankismoak milaka pertsona hil zituen, eta hainbat torturatu, kartzeleratu eta erbesteratu». Reolaz gaain, beste 140.000 hildako utzi zituen frankismoak. Horregatik, gaur egun oraindik, Espainia nazioarteko lotsabidea dela esan zuen Sotok: «Kambodiaren atzetik, desagertutako herritar gehien dituen nazioa da Espainia». Gainera, Nazio Batuen Erakundeen eta Europako Kontseiluaren eskakizunei entzungor egiten diela salatu zuen: «Askotan eskatu baitiote frankismoaren desagerpenak eta krimenak ikertzeko».

Baina Espainiak entzungorrarena egin arren, beraiek pertsona bat bera ere ez dutela ahaztuko esan zuen: «Herritarren eta demokraziaren alde borrokan jarraituko dugu, eta ez dugu etsiko».



Asturiaseko ordezkariek ere parte hartu zuten Gernika-Lumon domekan Reolari egin zioten omenaldian. Lenako zinegotzi Xose Agripinok (Bloque por Asturies-UNA) hartu zuen hitza. Leonekin muga egiten du Lenak, eta lur haietan bataila asko izan zirela azaldu zuen Agripinok, herriaren kokapena estrategikoa baita. Bailara hartan 23 hobi komun aurkitu dituzte. «Dugun informazioaren arabera, gainera, faxismoaren kontra azkenengoz gure mendietan borrokatu zuen Reolak; horregatik, bat egiten dugu gaurko [domekako] omenaldiarekin». Era berean, Asturiasera borrokatzera joan ziren euskal milizianoei esker ona erakutsi zien Agripinok domekan, Gernika-Lumon. «Haien memoria omentzeko modurik onena da guk ere 78ko erregimenarekin amaitzeko borrokatzea».


Memoria, ezinbestekoa


Memoria berreskuratzearen garrantziaz aritu zen Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Martxelo Alvarez, hainbat familiak direnaren sustraiak berreskuratzeko. «Memoria euren parte dira, benetan direna izateko, eta beste inork agintzen diena ez izateko».


Horregatik, bestelako etorkizuna eskatu zuen: «Bai Reolak berak eta baita beste gudariek ere borrokarekin defendatu zituzten baloreetan oinarrituta».

(Busturialdeko Hitza. 2014/ 07 / 02)