Txistu doinuekin ekin diote frankismo garaian fusilatutako ETAko kidea omentzeari. Ikurrina eta errepublikako bandera zituen hilobiak gainean. Aurten, aurreko urteetan ez bezala, ez da ertzainik gerturatu hilerrira, nahiz eta inguruko zelaietan bazebiltzan omenaldia zaintzen.
Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko bozeramaileak azaldu du Jon Paredes, Angel Otaegi, Xose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo frankismoaren biktimak direla baina urtez urte «terroristatzat» jotzen direla. Hori horrela, esan du «aitorpen osoa» izatetik «baztertuta» daudela eta horrela jarraitzen dutela.
Alvarezen esanetan, horrek erakusten du erregimen frankistaren «inpunitatean ainguratuta jarraitzen» dutela, eta inpunitate hori demokraziak onartutakoa dela gaineratu du. Hori amaitzeko, baina, adierazi du «iraganeko elementuak eta irizpideak» alde batera utzi behar direla eta horrela «justizia egitea, eta egiaz eta aitortzaz hitz egitea» lortuko dela.
Horrez gain, honako hau ere esan du Alvarezek: «Benetako demokrazia ereduek ezin dute elkarrekin bizi Espainian indarrean dagoen gisako inpunitatearekin». Hori bai, azaldu du ez dutela «goresten» inoren «borroka» egiteko modurik, ez «erakunde batena» eta ez «pertsonena» ere.
«Oraindik ere, aitortzarik ez»
Aintzane Ezenarro Eusko Legebiltzarreko Aralarreko legebiltzarkideak adierazi du frankismoaren biktima horiek oraindik ere ez dutela aitortzarik euskal instituzioen aldetik, eta gaur egun gai horretan «inoiz baino tinkoago» agertu behar dela Eusko Legebiltzarrean gai hori aztertzeko batzorde txostengilea martxan jarri delako. Gainera, omenaldian «faltan sumatu» ditu «biktima horiek orain arte aitortu ez dituztenak baina orain aitortzen hasi nahi dutela esaten dutenak».
Mobilizazio gehiago
Angel Otaegi omendu zuten igandean, irailaren 25ean, Azpeitiko Nuarbe auzoan hainbat herritarrek. Atzo, gainera, eguerdian Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzea egin zuten, eta arratsaldean manifestazioa. EHUko Leioako campusean ere, 160 ikasle inguru bildu ziren manifestazioan atzo, eta Leioa herrian 80. Portugaleten, berriz, 300 lagun elkartu ziren. Leitzan ere egin zuten ekitaldia, eta 40 lagun batu ziren.
(Berria. 2011 / 09 / 28)