viernes, noviembre 05, 2010

BIKTIMA GUZTIAK KONTUAN HARTZEKO ESKATU DUTE EAk ETA ARALARREK

«Inongo salbuespenik gabe», biktima guztiak kontuan hartu behar direla ohartarazi du EAk, «ETAren biktimak bai, noski, baina baita ETAz aparteko beste talde batzuk eragindakoak ere, estatuko segurtasun indarrek eragindakoak ahaztu gabe». Antzeko hitzak izan ditu Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak ere: «Aitortu daitezela herri honetan izan diren sufrimendu guztiak». Izan ere, bere iritzian, hala egiten ez bada historiaren zati bat ezkutatzeko arriskua dago: «Gerta daiteke gizartearen zati batek historiaren bere bertsioa inposatu nahi izatea, herri honetan izan diren sufrimendu asko ahaztuta».
Eusko Legebiltzarrak Memoriaren Eguna izendatu du du datorren asteazkena, eta alderdiok, ez dute antolatutako ekitaldietan parte hartuko, biktima guztiak ez direla kontuan hartu uste dutelako.
Aralarrek egoitza berria ireki zuen atzo Durangon, eta haren inaugurazio ekitaldian egin zituen hitzok Ezenarrok. Gaur egun Euskal Herriak duen premiarik larriena «bakean bizitzeko eskubidea» dela nabarmendu zuen. Pozik azaldu zen bide horretan urratsak egiten ari direlako, eta Gernikako Akordioaren garrantzia azpimarratu zuen. Nolanahi ere, bakea lortzeko indarkeria gainditzea baino gehiago behar dela ohartarazi zuen Ezenarrok. Akordioa politikoak erdiesteaz, joko arauak adosteaz eta proiektu politiko guztiek eskubide berberak izateaz gain, «elkarrekin bizi nahi izatea» ere beharrezkoa dela uste du. «Eta horrek eskatzen du iraganari buruzko azterketa kritikoa egitea guztiok, gaizki egin ditugunak berraztertzeko».
Memorian Egunean irakurri asmo duten testua adosteko EAJk, PSEk eta PPk erabilitako «formak eta prozedurak» kritikatu ditu Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak. Gainerako alderdien parte hartzerik gabe aritu direla salatu zuen, atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan. «Dokumentu itxia aurkeztu digute, aldaketetarako aukerarik gabe». Baina, biktimen inguruko gaietan akordio zabalak bilatu behar dira, EAren irudikoz.
Gainera, irakurriko den testuan biktima guztiak ez direla kontuan hartzen uste du, eta EAk biktima guztiekiko konpromisoa duela gaineratu du.
Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak jakinarazi du bere alderdiak bat egingo duela Memoriaren Egunarekin, nahiz eta aitortzen duen, irakurriko den testuan ez direla biktima guztiak kontuan hartzen.

Tolosako Udalaren eta alkatearen jarrera salatu du Ahaztuak-ek
Ahaztuak 1936-1977 taldeak Tolosako Udalaren eta Jokin Bildarratz alkatearen jarrera salatu du, azaroaren 10etik 13ra egin asmo zituen ekitaldiak «debekatu» dizkietelako. Ekitaldiak egiteko eskatu dituzten eraikin guztiak okupatuta daudela esan diete. Biktimekiko «aldebakarreko ikuspegia» izatea egotzi die.
(Berria. 2010 / 11 / 05)