viernes, abril 17, 2009

RODEZNO KONDEA PLAZARI IZENA ALDATZEKO HELEGITEA JARRI DU NaBaiK AUZITEGIAN

Rodezno Kondea plazaren izenari helegitea aurkeztu dio Nafarroa Baik, Nafarroako Administrazio Auzitegian. Eskatu dio Iruñeko Udala behar dezala plazaren izena aldatzera, oraingoak «sinbologia frankista» duela iritzita.

Iruñeko Udalean mozioa aurkeztu zuen NaBaik, Francoren Justizia ministro izan zenaren izena aldatzeko plaza hari. Rodezno Kondearen plaza zuen izena garai hartan. Alkatetzak onartu zuen «bertan behera uztea Rodeznoko konderriko zazpigarrenari egindako aitortza». Hortaz, izena aldatzeari bidea zabaldu zion.

Ez zuen askorik aldatu, ordea. Aitortza kendu, eta Rodezno Kondea plaza izena eman zion. Iruñeko alkatetzak egindakoa «lege iruzurra» da, NaBaiko zinegotzi Aritz Romeoren esanetan. «Amarrua da, Memoria Historikoaren Legea eta Sinboloen Foru Legea ez betetzeko, eta plaza horrela izendatzeko setakerian jarraitzeko». Horregatik, NaBaik helegitean dio Nafarroako Administrazio Auzitegiak derrigortu egin behar duela Iruñeko alkatetza plazari izena aldatzera.

Lekuko ugari

Helegitearekin batera, NaBaik auzitegiari aurkeztu dizkio plazaren izena aldatzeko erabakia hartu zen osoko bilkurako akta eta egunkarietan horren inguruan kaleratutako albisteak. Dokumentuak ez ezik, koalizioak auzitegiari eskatu dio dei ditzala deklaratzera Yolanda Barcina alkatea, Jose Luis Molins Udaleko artxibozaina, NaBaiko eta PSNko udal bozeramaileak eta Marine Pueyo zinegotzia.

Haiez gain, NaBaik auzitegian entzun nahi ditu Nafarroan Fusilatuen Senideen Elkarteko, Memoriaren Bideak eta Ahaztuak taldeetako kideen testigantzak.

(Berria. 09 / 04 / 17)