lunes, abril 27, 2009

EGIAREN BALIOA AZPIMARRATU DUTE BONBARDEAKETAREN 72. URTEURRENEKO EKITALDIETAN

Gernika-Lumoko bonbardaketaren 72. urteurrena oroitzeko ekitaldi ugari izan dira asteburuan zehar. Eguraldiak lagundu ez arren, hainbat lagunek parte hartu dute Udalak, Gernika Batzordeak, ezker abertzaleak edota Ieup! Gazte Asanbladak antolatutako ekimenetan.

Atzo, bonbardaketaren 72. urteurrenean, bortxazko gertaerak ematen direnean egiak duen balioa goratu zuten eguneko protagonista gehienek. Bakearen eta Berradiskidetzaren aldeko V. Gernika Sarien saribanaketa ekitaldian, adibidez, oroimenak eta egiak duten balioaz aritu zen Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko kideak. Aurten Ahaztuak-ek eta Petra Kellyk jaso dituzte Gernika Sariak.

Egiaren balioaz aritu ziren historialariak eta kazetariak ordubete beranduago Gernikazarrak George Steer kazetariari bere jaiotzaren mendeurrnean egindako omenaldian. Hainbat gernikarrek parte hartu zuten Barrenkalen kazetariaren bustoaren alboan egindako ekitaldian.

Zallo hilerriko lora eskaintzari eta elizkizunari dagokionez, astebururako iragarrita zegoen eguraldi txarra ondorioz ekitaldia ez zapuzteko karpak jarri zituzten. Aurten kariloiaren hotsak beharrean txistulariek eman zioten hasiera aurtengo Jose Antonio Uriarte `Itxaso´-k gidatu zuen ekitaldiari. Luis Iriondo Arteskolako zuzendari eta bonbardaketaren lekukoak hitz batzuk esan zituen.

Gernika Batzordeak antolatu ohi duen kandelen manifestazio isilak eman zion bukaera egunari. Ibilbidean zaparrada batzuk izan baziren ere, kandelen suak Foru plazara arte iraun zuen. Bertan Gernika Batzordekoek Palestinari elkartasuna adierazteko testu bat irakurri zuten. Horrez gain, dantzari batzuek ohorezko aurreskua dantzatu zuten. Onintza Enbeitak, bere aldetik, bertsoak bota zituen.

Domekan bakarrik ez, barikuan eta zapatuan ere bonbardaketaren urteurrenaren harira antolatutako ekitaldiak izan ziren udalerrian. Horrela, zapatu goizean palestinar herriari elkartasuna adierazteko manifestu bat irakurri zuten ezker abertzaleko hautetsiek Batzar Etxean. Yousf Nasser Berzhait-ko (Palestina) alkateak eta Saif Abukeshek Gazte Palestinarren Nazioarteko Sarearen koordinatzaile orokorrak parte hartu zuten ekitaldian. Palestinar biek bonbardaketaren urteurreneko beste hainbat ekitalditan ere parte hartu dute.

Ieup! Gazte Asanbladak, bere aldetik, bonbardaketa gogoratzeko hiru ekitaldi antolatu ditu. Barikuan Idazle Eskolako idazle gazteen testu irakurraldian 50 lagun inguru batu ziren Pasealekuko gaztetxean. Zapatuan, berriz, Maite Arroitajauregiren kontzertua entzutera hainbat lagun hurbildu ziren eskoletara. Gaur, aldiz, Gasteizko talde antimilitaristako kideek `Mercaderes de la muerte made in Euskadi´ hitzaldia emango dute 19:00etatik aurrera.
(Busturialdeko Hitza. 09 / 04 / 27)