Bandera anarkistak, komunistak, errepublikarrak eta ikurrinak. Denak batera eta nahasita. Musika banda bat, eta abesbatza, hainbat ideologiatako kantak jotzen eta kantatzen: anarkisten ¡A las barricadas!, komunisten El paso del Ebro, abertzaleen Eusko gudariak. 1936ko gerran fusilatutako 22 andoaindarrak omendu dituzte Oroituz elkarteak eta Lau Haizetara Gogoan plataformak. Bandera horiek guztiak elkarrekin ikusita, ordukoek zer pentsatuko ote zuten galdetu, eta Gotzon Garmendia Oroituz elkarteko kideak ez du zalantzarik egin: «Berriro osatu beharko genuke Fronte Popularra».
2004an hasi ziren Andoaingo fusilatuak omentzen; seigarren ekitaldia izan da aurten. 2006ko maiatzean Goiztiria monumentua inauguratu zuten Alfaro parkean -horma beltz luze bat, parkearen erdian, fusilatutako 22 lagunen izenak idatzita dituena-. Parkera eraman zuten omenaldia, eta, harrezkero, han biltzen dira herritarrak eta fusilatuen senitartekoak. Aurten, 200 bat lagun bildu ziren Alfaro parkean.
Garmendiak berak aurkeztu zuen ekitaldia: «Oraindik ez dago fusilatuen, desagertuen, batailoietara eraman zituztenen, konfiskazioak izan zituztenen... zerrenda ofizialik». Euskal Herriko instituzioek 33 urtean ezer egin ez izana gaitzetsi zuen: «Zergatik ez daude zerrendak eginda? Trantsizio garaian hasi zen hori dena; hitz egin behar zutenek ez zuten hitz egin, eta kondenatu gintuzten ahanzturara».
Fusilatuen senideak
36ko gerran eta frankismoan errepresioa ezagutu zuten pertsonak ez daude, hortaz, aitortuta, Garmendiaren ustez, eta hori «haien herritartasuna ukatzea da». Herritartasuna ukatuta, administrazioek ez dute haiekiko ardurarik, eta hor dago gakoa Garmendiarentzat. «Ahaztu? Nola ahaztuko dugu hau?», galdetu du, omenaldira hurreratu eta lehen lerroan eseritako fusilatuen senideak seinalatuz.
Esaterako, 1930eko hamarkadan Jaendik (Espainia) Andoainera bizitzera etorri zen familia. «Aita hil zioten horko gizon horri», esan du Garmendiak, «eta bakarrik gelditu zen umetan». Gizon harengandik hurbil, Maria Rosario Urretabizkaia eta Maria Jesus Fernandez. Bien aitak fusilatu zituzten 1936ko irailean. Tolosatik Donostiarako tranbiarentzat lan egiten zuten, Andoaingo zentralean, Migel Urretabizkaiak eta Patxi Fernandezek. Urretabizkaiak 31 urte zituen, 36 Fernandezek. Atzo omenaldian ziren haien alabak; Urretabizkaiaren alabak bederatzi egun zituen aita hil ziotenean; Fernandezen alabak, berriz, hiru urte. Zortea izan dutela iruditzen zaie: beren aiten hezurrak jaso eta lurperatu ahal izan dituzte, askok ez bezala.
Ez du ekitaldian huts egiten Pedro Jauregik ere. Bere motordun gurpilean eserita, adi entzun ditu hizlariak: «Gutxiegi hitz egiten da kontu hauetaz». 1922an jaioa da Jauregi, eta gogoan dauka 1931ko Espainiako Errepublika -«Zortzi orduko lan eguna jarri zuten orduan!»-. Zerbait lortzeko borrokatu beharra dagoela uste du: «Borrokatu gabe ez dago ezer; ez lehen, ez orain, eta ezta gero ere».
«40 urteko diktadura eta 33 urteko demokrazia igaro dira egia, justizia eta ordainik gabe», salatu du Juan Ramon Garai Lau Haizetara Gogoan plataformako eta Debagoieneko fusilatuen senideen elkarteko kideak. 1936an oñatiarrek eta andoaindarrek osatu zuten Itxarkundia batailoiaren ibilbidea azaldu die ekitaldian bildu direnei, eta Egiaren Batzordea sortzeko premia nabarmendu du, Garmendiak bezala.
Plataformako 12 taldeek hiru urte behar izan dituzte memoria historikoaren dekalogoa eta taula, eta Egiaren Batzordea sortzeko proposamena adosteko. Orain eskakizun hori zabaltzeari ekin nahi dio plataformak. ANVko gerrako batailoien ordezkari gisa hitz egin du Alberto Muñozek, eta hark ere nabarmendu du batzorde horren beharra: «Isiltasunaren murrua desegiteko egindako edozein ekintza ona da, memoriarik gabeko herria desagertu egiten baita herrien artetik».
(Berria. 09 / 04 / 19)