Hogeita hamabost lagun bildu dira gaur Santamañezarreko tontorrean Castet Eguna dela eta. Ikurriña jaso dute bertan, 1937ko apirilaren 25ean gure mendian hildako 40 inguru gudari eta milizianoen omenez. Eguraldiak, 1937ko egun hartan bezala, ez du asko lagundu, lainoa eta euri jasak medio. Horrenbestez, tontorrean ikurriña jaso eta ekitaldia herrian egin da, menditik jaitsi eta gero, Castet Elkartearen egoitzaren aurrean. Berrogeitamarren bat lagun batu dira bertan. Gatzaren Matxinada Batailoiko kapelau izan zen Aita Patxiren gainean idatzitako liburuko pasarte batzuk irakurri dira, zeinetan Santamañezarren ibilitako gudarien testigantzak jasotzen diren. Eusko gudariak abestuz amaitu dute ekitaldia eta jarraian hamaiketakoa izan dute bertaratutakoek.Ostiralean hasi ziren Castet Eguneko ekitaldiak Fermin Balentziaren kantaldi batekin.
Hamazazpigarren urtez jarraian egin da Castet Eguna. Beti Zaldibarko Castet Elkarteak deituta. Iaztik, ordea, "Castet" Elkarteaz gain, "Berriz 1936 Gogoratzen", "Durango 1936 Kultur Elkartea", Otxandioko "Andikona" elkarteak eta "Ahaztuak"ek ere deitu dute.
(Argazkia. "Castet" Elkartea)