domingo, abril 19, 2009

NAZIOARTEKO BRIGADISTAK OMENDU DITU AHAZTUAK-EK


36ko gerran esku hartu zuten nazioarteko brigadetako kideak omendu ditu Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Bob Doyle irlandarra izan dute, bereziki, gogoan. Duela gutxi hil baitzen, urtarrilaren 29an. Gerran esku hartu zuten 54 herrialdetatik etorri ziren 40.000 miliziano inguruk. Haien artean, 300 ziren irlandarrak, eta horien artean bizirik zegoen azkena zen Doyle.

Gasteizko Paddy Shorts tabernan egin zioten, atzo iluntzean, omenaldia Doyleri. Haren bizitzari buruzko bideo emanaldia egin zuten, baita zuzeneko musika ere. Horrez gain, Irlandako mugimendu errepublikarrak apropos bidalitako oroigarria jarri dute tabernan. Azken asteetan Ahaztuak egiten ari den "1939-2009. Ez preso, ezta desarmatuak ere" kanpainaren barruan egin dute omenaldia.

Bestalde, apirilaren 26an beteko dira 72 urte Gernika bonbardatu zutenetik, eta udalak eta herritarrek hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako. Ahaztuak elkarteak eta Petra Kelly Alemaniako diputatu ohiak jasoko dituzte, aurten, Gernika sariak.

(Berria. 09 / 04 / 19)