martes, abril 21, 2009

BOB DOYLE:SUAK PIZTURIK DIRAU!!. Lander Garcia, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kidearen iritzi artikulua.


Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldia, Paddy Shorts Tabernan, Bob Doyle eta Brigada Internazionalista irlandar guztiei eskainitako festa-omenaldian parte hartzeko prest, dozenaka lagun bildu ginen.

Ekitaldia hasi baino lehen lokala jendez gainezka zegoen. Taberna ez da oso handia, baina jendea zutik eta bata bestearen gainean eta ateak irekita kanpoan lagun ugari geratu zirelarik kontuan hartuta, guztira 100 pertsona inguru elkartu ginen.

Ahaztuak elkarteko kide batek sarrera moduan aurkezpen bat egin zuen, Bob Doyle borrokalaria Oroimen Historiko Demokratikoa eta Antifaxista gaurkotasun tresna bezala aldarrikatzen dugun guztion eredua dela azpimarratzeko.

Jendea txaloka hasi zen Bob Doyleren irudia tabernaren telebistan agertu zenean:

Doylek, hil baino bi hilabete lehenago, Dublingo Telebistari emandako azken elkarrizketa jasotzen zuen bideoaren bitartez, emanaldiak brigadista irlandarraren ibilbide politikoa azaldu zuen.

Oso une hunkigarriak bizi ziren; ikus-entzuleen artean, Euskal Herriko leku ezberdinetik etorritako lagunak baziren, horien artean Hernanin bizi den irlandar lagun bat. Hark antolatzaileei azaldu zienez, ekitaldi horrek etxean bezala egonarazi zion. Giroa bikaina, jendea hunkituta, elkartasuna, askatasuna, konpromisoa... Baziren ere Bob Doyle omentzera etorritakoen artean brigadista irlandarra pertsonalki ezagutu zutenak: Paddy Shorts-en zeuden bi lagun adibidez Dublinen oporretan zeudelarik Bob Doylerekin egoteko aukera izan zuten; beste bik Belfasten ezagutu zuten 1936ko Faxismoaren aurkako gerrari buruzko ekitaldi batean, eta beste emakume batek behin Montrealen, Quebeceko hiriburuan, hitzaldi batean Bob Doylerekin egon zela ere jakinarazi zuen.

Bideo emanaldia eta gero Christy Moore-ren Viva la Quince Brigada-ren doinuekin batera, ekitaldiaren une hunkigarriena heldu zen, bi gaztek Bob Doyleren omenez egindako koadro oroigarria Tabernaren paretan jarri zutenean. Abestia kantatuz, txaloka eta «No pasarán» eta Bob Doyle eta brigadista guztien aldeko gorak oihukatzen erantzun zuen jendeak, eta horrela bukatu zen festa-omenaldiaren lehenengo zatia.

Festa jarraitzeko kontzertu akustiko bat prestatuta zegoen, Eibarko Adunia Folk seikotearen eskutik. Paddy Shorts jendez gainezka, Bob Doyleren irudia festa zuzentzen, giro ezin hobea... eta bat-batean Adunia Folk taldearen bibolin, bodhram eta txirula noten artean kanpoko aldean bildutakoen garraixi batzuk... atearen inguruan kolpeak eta mugimendua....

Hamarren bat morroi, aurpegia kaputxaz estalita eta pistola eskuan, bi gazte bahitzen ari ziren. Inolako identifikazio, agindu edo azalpenik gabe, ustezko poliziek atxiloketa burutu zuten.

Bahitzaileen artean bakarrik batek atera zuen geroago txaleko hori bat, non «CNP» jartzen zuen. Jende guztia tabernatik atera zen kaputxadun horiek gelditzeko asmoz... hiru kotxetan etorriak ziren, eta jende artean tiraka kolpeka, bahiketa oztopatzeko saiakerak gainditu eta hogei segundoan lortu zuten bi gazteak kotxeetan sartzea, eta hortik ihes egitea...

Asier Ortiz de Ginea eta Olaritz Arakama ziren bahitutako lagunak.

Asier, duela bi urte Bob Doylerekin egoteko aukera izan zuenetako bat da, Olaritz bere neskalaguna... Nahasmena, tentsio izugarria, jende guztia kalean, errepidean ere bahitzaileen kotxe baten kristal apurtuaren arrastoak, lagunak korrika, telefonoak deika, amorru malkoak, ezintasuna han-hemenka...

Taberna barruan bakar-bakarrik geratu zen Bob Doyle, bere koadroan, duintasun osoarekin zutik eta tinko ukabila altxatuta, minutu batzuk lehenago bere omenezko bideo emanaldian bere ahotik botatako esaldiak guztion buruak kolpekatzen zituen:

«¿Sacrificaron en vano sus vidas mis camaradas? La respuesta dependerá de ustedes. Tomen la lucha y únanse en la larga batalla por la más noble de las causas: la liberación de la humanidad. Entonces, el sacrificio de mis camaradas no habrá sido en vano; habrá sido una fuente de aliento. La lucha continúa.»

Bob Doyle atzo eta gaurko borroken eredu bezala aldarrikatu zuten festa-omenaldian ere; Bob Doyle ere atzo eta gaurko errepresioaren lekuko izan zen. Ekitaldia bertan behera geratu zen, eta gertatutakoa sinetsi ezinean Paddyn bildutako lagunak ingurunetatik joan ziren polizia heldu zenean; oraingoan uniformez etorri ziren.

Berriak heldu ziren ere: miaketak etxe ezberdinetan, poliziaren bertsio ofizialak komunikabideetan, Rubalcaba ministroaren irakurketa... Ustezko ETAko kideen aurkako Estatu frantsesean hasitako operazio polizial baten harira, guztira bederatzi lagun atxilotu zituzten, horietako bi Bob Doyleren omenaldian.

Herenegun, igande arratsaldean, Olaritz Arakama aske geratu zen, beste zortzi atxilotuek inkomunikatuta zirauten bitartean.

(Berria. 09 / 04 / 21)