martes, abril 21, 2009

"AHAZTUAK" ELKARTEA ETA PETRA KELLY ALEMANIAKO DIPUTATU OHIAK JASOKO DITUZTE AURTENGO GERNIKA SARIAK

Gaur eguerdian Gernika-Lumoko bonbardaketaren 72. urteurreneko ekitaldien egitaraua aurkeztu dute Jose Maria Gorroño alkateak eta Ekain Ormaetxea Kultura zinegotziak. Udal ordezkarien esanetan, herritarrek antolatutako ekitaldiak ez dituzte egitarau ofizialetik kanpo utzi izan gura.

1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa gogoratzeko egitarau zabala prestatu dute. Horrela, datorren astean zehar liburu aurkezpenak, erakusketak, zine proiekzioak, kontzertuak, omenaldiak eta biktimak gogoratzeko ekitaldiak izango dira Gernika-Lumon. Ormaetxeak adierazi duenez, "iragan astean eman zitzaion hasiera ekitaldiei `Nestor Basterretxearen Gernika´ erakusketarekin. Bihar Hebentik taldearen `Gernika´ antzezlana izango da, eta hortik aurrera datorren astean ia egunero izango dira ekitaldiak´. Gorroñoren ustez, "egun hauek ez dira jai egunak, gertaera eta honek izan zituen ondorioak gogoratzeko egunak baizik".

Aurten 1936-1977 elkarteak eta Petra Kelly Alemaniako diputatu ohiak jasoko dituzte Bakea eta Berradiskidetzaren Aldeko V. Gernika Sariak. Kelly 1992an hil zenez, bere lanaren zabalkundeaz arduratzen den elkarteko ordezkariek jasoko dute saria.

Ahaztuak elkartea "1936ko gudan hildakoen eta jazarpena bizi izan zutenen oroimena berreskuratzeko egindako lanagatik" saritu dute. Kellyk, berriz, "Alemania eta Gernika-Lumo berradiskidetzeko egin zuen lanagatik" jasoko du saria. Aurkezpen ekitaldian Pablo Picassoren `Guernica´ artelanak udalerrian egon behar duela aldarrikatu du Gorroño alkateak. "Beti esan izan dugu `Guernica Gernikara´. Artelana Gernika-Lumora ekartzeko ez dago arazo teknikorik. Borondate politiko faltagatik ez dago artelana hemen. Gernikarrok alderdikerien gainetik gaude".

(Busturialdeko Hitza. 09 / 04 / 18)