jueves, marzo 12, 2009

GOBERNUAK EZ DITU BERE GAIN HARTUKO EXHUMATZEAK

Espainiako Gobernuak ez du izango hobi komunetan dauden 36ko gerrako eta frankismo garaiko biktimak ateratzeko erantzukizuna. Espainiako Senatuak atzera bota du Gobernuari ardura hori ezarri nahi zion proposamena, eta, beraz, Espainiako Gobernua ez da izango hobi komunetan dauden gorpuak ateratzearen erantzulea.

Proposamena Balearretako senatari Pere Sampolek egin zuen. Memoria Historikoaren Legea aldatzeko bidea hasi nahi zuen, Gobernuari ardura ezartzeko. Egun «laguntzeko eta errazteko» ardura du. Senatuko osoko bilkuran, ordea, 233 boto izan zituen aurka, 11 alde eta 10 abstentzio. Hala, Kongresura iritsi aurretik amaitu da proposamenaren bidea.

Sampolek adierazi du Memoria Historikoaren Legeak «mordoilo burokratikoa» ekarri duela, «ezinezkoa» delakoan legea betetzea. Lege hori egin eta bitartekoak jarri ez dituztelako «zaurietan zirikatzen eta haiek handitzen» aritzea leporatu die ezezkoa eman duten senatariei. Argi dauka, gainera, Espainiako Estatuak bere gain hartu behar duela gorpuak ateratzeko ardura. «Krimenak Estatuaren babesarekin egin baziren, orain Estatuari dagokio horiek konpontzea, 30 urte pasa diren arren».

Proposamenarekin bat egin dute EAJk eta ERCk. Jeltzaleek «baiezkoa letra larriz» eman diote proposamenari. Joseba Zubia eledunaren esanetan, administrazioa ezin da izan «norbanakoen laguntzaile» hutsa.

Denbora eske

PSOE, PP eta CIUko senatariek, ordea, proposamenaren aurka bozkatu dute. PSOEko bozeramaile Susana Sumelzok dio legearen helburuak ari direla betetzen, eta ez du beharrezkotzat jo aldatzea. «Gobernuak behar bezalako bermeak ematen ditu gorpuak babesteko». Gogorarazi du Espainiako Gobernuak bulego bat sortua duela 1936ko gerrako biktimei senideei laguntzeko. CIUk adierazi du Legea aldatzeko beharrezkoa dela hura babestu zuten alderdien aldeko botoa, eta kasu honetan ez dagoela horrelakorik.

PPko eledun Alejandro Muñozek ere ez du aldaketa beharrezko ikusten, «legea bera bezala». Gorpuak lurpetik ateratzea Gobernuaren ardurapean jarrita, legea betetzea «zaildu» egingo litzatekeela dio.

(Berria. 09 / 03 / 12)