Urtero legez, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak 1976ko martxoaren 3an Espainiako poliziak hildako eta zauritutako langileak omenduko ditu Gasteizen. Elkarteak erasoak utzitako «odol, mindura eta malko arrastoa» gogorarazteko manifestazioa deitu dute 19:00etan hiriburuko Martxoaren Hiruaren plazan.
Frankismoko biktimen elkarteko kideek gogor kritikatu dituzte «krisiak esparru ekonomikoan, sozialean eta politikoan inposatu dituen aldaketa antidemokratikoak». Egoera horri aurre egiteko «langileon batasunerako eta erresistentziarako» deia zabaldu dute. Elkarteak justizia sozialaren eta demokrazia ekonomiko eta politikoaren aldeko apustua berretsi du: «Langabeziaren mehatxua gainean dugula lan baldintza hoberenen alde egingo dugu».
(Berria. 09 / 03 / 3)